
Rosa Illarramendi teknikaria, Jose Mari Agirretxe "Porrotx", Jesus Landa, Boris Nogales kultura arloko burua eta Xabier Goitia Manuel Lekuonako gerentea gaurko aurkezpenean.
Gaur eguerdian, Manuel Lekuona kultur etxean Boris Nogales kultura arloko zinegotziak, Joxe Mari Agirretxe "Porrotx", Xabier Goitia Manuel Lekuonako gerentea eta Rosa Illarramendi udal teknikariak Aitor Landa herritarraren aldeko elkartasun jaialdia aurkeztu dute. Hauekin batera Jesus Landa Aitorren aita izan da aurkezpenean.
Jaialdia martxoaren 9an izango da eta honetan Pirritx, Porrotx eta Marimototsek haien 25. Urteurrena ospatzen duen "Sentitu, pentsatu, ekin" emanaldiko bi saio eskainiko dituzte, bata 16:30ean eta beste 19:00etan.
Hauekin batera Kukuka antzerki eta dantza eskolako dantzariak eta Jalgune elkarteko lagunak ere izango dira laguntzen.
Emanaldi bereziak
Joxe Mari Agirretxe "Porrotx"-ek azaldu duenez saio hauek bereziak izango dira, batetik Lasarte-Orian 25. Urteurrena ospatzeko aukera izango dutelako eta bestetik pailazoek egiten duten elkartasun lanarekin lotuta, "Lasarte-Orian laguntxo bat daukagu, laguntza jasotzea tokatzen zaiona".
Jaialdi honetan 25 urte hauetan pailazoei esker ezagunak bihurtu diren hainbat pertsonaia egongo dira Porrotxek azaldu moduan, “Amona Josefina, guk 25 urte baina hark 100 urte betetzen ditu, Anakleto ijitoa,
Kintxo Barrilete... Eta guzti hauetaz gain, Jalguneko lagunak eta Kukukako dantzariak. Borobila izango da alde horretatik".
Laguntza
Prentsaurrekoan azaldu duten bezala, sarrerako 7 euroak Aitorren tratamendurako izango dira.
"Saioetako sarreretan lortutakoa Aitorren gurasoei laguntzeko erabiliko da," adierazi du Kulturako batzorde buruak.
Sarrerak dagoeneko salgai daude Manuel Lekuona kultur etxean.
Eta bertan egon ezin duenak ere laguntzeko beste modu bat duela azaldu du Joxe Mari Agirretxek, " 0 eserlekua deitzen zaiona da. 2101 0048 21 0128308954 kontu korronte zenbakia dago. Sarrera 7 euro dira, baina bakoitzak nahi duena eman dezake".
Honela herritar guztiak animatu nahi izan dituzten jaialdian parte hartzera, "oso ondo pasako dugu. Asko kantatu eta dantzatuko dugu".