Mitxelin II guneari buruzko galdeketa sarean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko otsailaren 19a

“Mitxelin II, merkatal-industriagune bat Lasarte-Oriarentzat?” galderari erantzuna emateko aukera dute herritarrek parte-hartze web berrian. Horretaz gain batzarra antolatu du udalak bihar, asteazkena, Manuel Lekuonan 19:00ean herritarrei proiektuaren xehetasun guztiak azaltzeko.

MitxelinII proiektuaren inguruko iritzia eman dezakete herritarrek interneten edota parte-hartze postontziak erabiliz. Azken hauetan etxetara iritsitako esku orria utzi beharko da behar bezala osatuta.

Aurrekariak
2008an Michelin enpresak birmoldaketa plan bat martxan jarri eta bertan 800 lanpostu inguru, zuzen eta ez zuzen, galdu ziren. 2009an futbol zelaiaren ondoko eremua berrindustrializatzeko plan bat jarri zuen martxan Michelin Fundazioak eta horretarako Aholkulari Kontseilu bat sortu zuen. Bertan, Michelin Fundazioaz gain, Lasarte-Oria eta Usurbilgo Udalek, Jaurlaritzak (SPRILUR garapen agentziaren bidez), Aldundiak eta sindikatuek parte hartzen zuten. Asmoa 500 lanpostu sortzea zen.

Hasieran gune honetarako Michelin Fundazioak industria edo industriarekin lotura zuten zerbitzu arloko enpresak erakartzeko planteamendua egiten zuen hau da, bulego eta pabiloi proiektu bat. Enpresak bertan kokatzeagatik lanpostu sorrera netoa eman beharko zen eta kontratazio berri bakoitzeko diru-laguntzak emango zituen Fundazioak berak.

Birmoldaketa hau kontutan izanda, 2010. urtean eremu honetan zeuden eraikin eta biltegiak eraitsi ziren.102 lanpostu lotuak zeuden etorriko ziren hiru enpresaren bidez, baina orduan, krisia medio, inbertsioa-eraikuntza egiteko dirurik ez zegoela adierazi zuen SPRILUR-ek eta bertan behera gelditu zen egitasmoa.

Inbertsore pribatua
2012an Michelin Udalarekin harremanetan jarri zen urbanizazioa burutzeko inbertsore pribatu bat zuela adierazteko, baina kasu honetan eraikuntzaren erdia merkataritza ertainerako, 1.000 eta 3.000 m koadro artekoa, izan beharko zuela. Beste guztian erabilera industriala mantenduz. Inbertsore horrek 100 lanpostu baino gehiago sortuko lituzkeela esaten dio gainera.

Egungo proiektua
Guztira 17.500m2 inguru dira, hauetatik 5.000m2 (+ aparkalekuak) erabilpen komertzialerako; bulegoak 4.900m2 (1.650 m2-ko hiru solairutan) eta pabiloi industrialak 7.600 m2. Momentu honetan Lasarte-Oriako Udalak bere esku dauka gune komertzial honen eraikuntzari baimena ematea edo ez. Izan ere, eraikuntza berriak erabilera komertzialera zuzentzea, lurren kalifikazioa aldatzea eskatzen du.

Erabaki hau hartu baino lehen Udalak proiektu hau publiko egitea erabaki du, “sortuko dituen iritzi ezberdin eta eztabaiden jakitun”. Bere ustez, herritarren hausnarketa merezi duen gaia da eta edozein erabaki hartu aurretik iritzi eta postura guztiak jaso nahi ditu.

Egun hauetan eskuorri bat banatu da etxeetan proiektuaren azalpen guztiarekin eta honekin batera hausnarketarako galdeketa bat proposatzen da. Galdeketa honek izaera kontsultibo erreflexiboa du eta ez du inolako erabakigarritasunik izango. Baina, udalak herritar guztiak animatu nahi ditu bere iritzia ematea.

Bilera bihar
Udalak asteazkenean, otsailaren 20an arratsaldeko 19:00etan Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan, herri batzarra deitu du. Bertan azaltzen diren herritar guztiek lehenengo eskutik Mitxelin II proiektuari buruzko informazio guztia jasotzeko aukera izango dute.