Gure bide galduak" antzezlanean Euskal Herriko historia hurbila abiapuntu hartzen da. Franco hil ondorengo lehen urteak hain zuzen. Testuinguru honetan baserri girotik hirira magisteritza ikasketak egitera doan neska baten gogoetak dira ardatz.
Bost aktore eta zuzeneko gitarrra doinuekin euskaraz sortutako antzezlan hau utopia, amets eta desenkantuari buruzko kontakizuna da. Hala deskribatzen du taldeak: "Gure memorietatik berreskuratutako piezekin sortutako gaurko ipuina". Oholtza gainean izango dira Urko Redondo, Miren Alkala, Maria Alonso, Iñigo Aranbarri eta Ainara Gurrutxaga.
Kattalinen istorioa
70. hamarkadaren azkenetan, Orereta, Euskal Herrian Kattalin, Nafarroako baserri inguruko herri txiki batetik Oreretara doa bidaian. Osabaren etxera doa bizitzera, Donostian magisteritza ikasketak egiteko.
Garai mugituak dira. Azken urteetan fabrika erraldoiak eraiki dituzte herri askotan. Herrixka izandakoak “hiri” bilakatu dira urte gutxian. Franco hil berri, Euskal Herria aldaketa sakonak ari da bizitzen. Fabriketan gero eta ohikoagoak dira patroien kontrako liskarrak eta egoera politiko berriak herri mugimendu antolatu bati egin beharko dio aurre.
Kattalinek, Magisteritza eskolan, Ikastolen mugimenduarekin egingo du topo, eta haren bidez deskubrituko du mundu berri bat, lagun berriak, maitasuna, borroka, ideologia…
Manuel Lekuonan izango da saioa 20:00etan ostiralean. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude interneten baita leihatilan ere.
