Mendebaldeko Sahararekin bat taldearen eskerra

Txintxarri Aldizkaria 2013ko otsailaren 20a

Euskal Herriko lagunak Mendebaldeko Sahararekin bat taldeak Lasarte-Oriako Udalari eta alderdiei eskerrak eman nahi izan dizkio gaur arratsaldean egin duen prentsaurrekoan. Taldeko kideez gain, agerraldian Ailem Etleimidi sahararra, udal ordezkariak eta Yal-lah Gazte ekimeneko kideak izan dira.

Mendebaldeko Saharekin bat taldeko kideak, Ailem Ailem Etleimidi sahararra, udal ordezkariak eta Yal-lah Gazte ekimeneko kideak prentsaurrekoan.

Lasarte-Oriako Udalak otsailaren 12an Mendebaldeko Sahararekin bat taldeak sustatutako mozioa onartu zuen. Taldeak gaur eskainitako prentsaurrekoan Udalari eskerak eman eta mozioko hainbat puntu azpimarratu nahi izan dituzte, besteak beste Sahara Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarreikatu zeneko urteurrenarekin bat etorriz, otsailaren 27an arratsaldeko 19:30ean Lasarte-Oriako udaletxe aurrean egingo den elkarretaratzea egingo dela eta egun horretan Mendebaldeko Saharako bandera herriko udaletxean zintzilikatu egongo dela.

Salaketa

Honetaz gain, giza eskubideen aldeko 24 aktibistei ezarritako zigorra salatu dute. El Aiuneko Gdeim Izik kanpamentua altxatu ondoren atxilotu zituzten aktibistak eta haien aurkako epaiketa militarra bertan behera uzteko eskatzen zen onartutako mozioan.
Halabaina, epaiketa egin eta bizi arteko zigor ezarri dizkiete horietako bederatzi pertsonei eta besteei 30 eta 25 urte arteko kartzela zigorra. “Proba gabeko epaiketa izan da, ilegala eta salagarria,” aipatu dute.
Epaiketa salatzeko bihar arratsaldean 18:30ean Sahararen aldeko taldeek Bilbon antolatu duten manifestaziora hurbiltzeko deia egin dute. Hau Arriaga antzokian hasi eta Marokoko kontsulatuaren aurrean amaituko da.
Era berean, martxoaren 2an, Madrilen Estatu mailako manifestazioa egingo dela jakitera eman dute. Honetarako Donostiatik autobusak antolatuko dira, oraindik zehaztu gabeko ordu eta lekutik. Honetan parte hartu nahi dutenek Yal-lah Gazte ekimena taldearekin jarri behar da harremanetan.
Honetaz gain, Saharar herriari elkartasuna adierazteko igandean Ormaiztegin egingo den Sahara-Cross. Salem Hach Embarek Oroimenezkoan parte hartzekora deitu dute ere.