Kulturak herria maite du

jon-altuna-egitegi 2013ko otsailaren 23a

Denetetarik izan zuen "Dejabu" panpin laborategiak Manuel Lekuonan atzo antzeztutako “Gure Bide Galduak” obrak. Momentu gordinak batetik, 70eko hamarkada zaileko zahar eta gazteen ezinegon eta buruhausteak, baina baita umore zertzeladak ere, frankismotik at eta erregimenaz haratago, norberaren baitan eta era kolektiboan mundu txikiak eraikitzerik badagoela erakutsi baitziguten bost aktoreek. Zuzeneko musikaren indarra ere sentitu zuten hurbildu ziren ikusle apurrek, gitarra baten sokek aktoreen lanari atxikita sor dezaketen unibertsoak txundituta utzi zuen bat baino gehiago.

Makala Jazz Funk Band taldea Abend-en
Jalgiko egitarauaren barnean Iñigo Muguruza musikari ezagunaren “Lurra” bandak dantzan jarri zuen kafe antzokia. Bistakoa zen Sagarroi taldean batera ibilitako Karlos Zubikoa baxu-jolearekin zeukan konplizitatea eta 18 urteko Ane Garcia eta Ander Larrañaga neska-mutil gazteek euren adinerako sekulako ahotsa eta perkusioaren nozioa zituztela erakutsi zuten.

Anai Arrebak eta Makala
Bigarren urtez, hasiera eman zitzaion Kultur Kale Zikloari Abend-eko kontzertuekin, Makala Jazz Funk Band eta Anai Arrebak aritu ziren bafleei dezibelioak ateratzen.
Ostiral gaua hotz xamar hasi arren, kontzertuek aurrera egin ahala giroa berotzen joan zen eta ederki pasa zuten musika onaz gozatzeko hautua egin zuten ikusentzule urri, baina adituek.