Aurten ordea, aurrerapauso bat eman nahi dute. Antolaketaren konpromisoa herritar guztiei zabaltzea dute xede, ez dute lasarteoriatarrek Sorgin Jaiak gazte ikuspuntu soil batetik ikusterik nahi, euren leloari jarraiki ("herritik, herriarentzat") haur, heldu eta adinduak ere festaren antolakuntzan parte aktibo izatea nahi dute. "Zuk zure herriko festetan zer egin nahi duzu? Zer antolatuko zenuke gustura?" bezalako galderei erantzun eta ekintzak euren kabuz antola ditzaten bilatzen dute.
Hemendik aurrera, Sorgin Jaiak "koordinazio gune" bat izango da, adin talde guztietako herritarrengandik eratorritako ideia horiek komunean jarri eta elkarren artean eztabaidatzeko funtzioa izango duena. Baina ekintza bera, festetan gauzatuko den hori koadrilen esku egotea nahi dute, ekimena eurengandik sortzea, Sorgin Jaiek zer proposatuko zain egon gabe.
Beraz, herritar guztiak parte-hartzera animatu eta ostiralero arratsaldeko 18:00etan kultur-etxean biltzen direla jakinarazi dute. Batzarrak irekiak izanik, edozein herritarrentzat ateak zabalik dituztela gogorarazi nahi izan dute.
