Urtero bezala Andaluziarrek erkidegoko eguna ospatuko dute otsailaren 28an, Autonomi Elkarte horretako estatutua onartzeko 1980an egin zen erreferendum-a gogoratuz. Andaluziaren Eguna dela eta, Lasarte-Oriako andaluziarrek ere zenbait ekitaldi antolatu dituzte.
Egun horretan, otsailaren 28an arratsaldeko 20:00etan luntxa antolatu dute, Andaluziako ardo eta produktuak dastatzera gonbidatuko dituzte, Udaleko eta herriko beste elkarteetako ordezkariak.
Ondorengo egunetan ere beste zenbait ekitaldi burutuko dira. Ostiralean otsailaren 1ean, Semblante Andaluz elkartean bertan, 19:00etan Azabache taldeak eskainiko du bere emanaldia eta ondoren 19:30ean Merche Montes-ek kantatuko du.
Larunbatean, hilaren 2an, Semblante Andaluz elkarteko beste dantza taldeen txanda izango da. 17:00etan hasita, Gitanillos del alba, Duende Flamenco eta Zambra taldeek eskainiko dituzte beraien kanta eta dantzak. Ondoren, 19:00etan banatuko da txokolatea haurrentzat.
Andaluziaren eguneko ospakizun nagusia iganderako gorde dute herriko andaluziarrek. 11:30etan hasiko da Rozioko meza Zumaburuko Arantzazuko Amaren elizan. Mezan Semblante Rociero abesbatzak kantatuko du.
Eguerdiko 14:00etan harrera ofiziala egingo diete elkartean udal ordezkariei eta Andaluziako ereserkia abestuko dute. 14:30ean hasiko da Andaluziaren Eguna ospatzeko bazkaria, eta, dantzaldia arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara egingo da. Ordu horretan emango zaie amaiera ekitaldiei.
Aldaketa zuzendaritzan
Bestalde, urtarrilaren 13an zuzendaritza berria aukeratu zuten Semblante Andaluz elkartean.
“Semblante Rociero” abesbatzaren zuzendari José Pérez Acosta izango da ondorengo urteetan elkarteko lehendakari. Aipagarria da bera izan zela andaluziarren elkarteko sortzaileetako bat eta lehen presidentea.
Lehendakariordea Juan Navarro, izango da, idazkaria Ivan Gomez eta diruzaina Joan Jose Iñigo. Kultur Arloko ordezkariak Nicolas Selles, Francisco Torres eta Consuelo Miguel izango dira.
