Munduko arazo ekologikoak zineman

Txintxarri Aldizkaria 2013ko ots. 25a, 09:56

Zazpigarren aldiz antolatu du Ekologistak Martxan taldeak Ekozinemaldia. Lasarte-Oria Bizirik taldearen eskutik sei film eskainiko dira astelehenetik asteazkenera, otsailaren 25, 26 eta 27an arratsaldeko 19:00etan Manuel Lekuona kultur-etxean.

Zenbait herrialdetako arazo ekologikoak ezagutuko dituzte ikusleek, besteak beste, Hego Amerikan petrolio industriak jarri diren tokietako indioen kasuak, Somaliako hondakin toxikoen afera, Indiako Bhopal-eko istripuari buruzko dokumental berria, Euskal Herriaren ezkutuko zor ekologikoa edo baliabideak agortzearen ondorioz jasango diren estuasunak.

Ekologiaren arloa jorratzen duten zenbait film aukeratu dituzte Ekozinemaldiko arduradunek. “Berriro ere zinemaldi oparo eta bete-betea izango da. Denetariko proposamenak ekarri ditugu, lan asko eta bikainak, munduan gertatzen dena hobeto ulertzeko, egoeren aurrean kokatzeko eta zerbait egiteko aukerak ikusteko” esan dute antolatzaileek. Bereziki eskertu dute autoreen ahalegin eta ekarpena.

Gaiak
Multinazionalek ingurugiroan eta gizartean daukaten eraginaren aurkako erantzuna eta erresistentzia jasotzen dute Lasarte-Orian emango diren Kataluniako bi pelikulek, “Del vent al blau” eta “Nahuas, 20 años después”.

Biek Ekuador eta Peruko egoera jorratzen dute, eta petrolioaren muga Amazonasen gero eta aurrerago doala salatu. “Del vent al blau” Haizetik Urdinera pelikulan gainera, talde ekologistek sarritan salatu duten Wuaorani indioen egoera eta Boliviako meatzarien arazoak ere aztertzen dira.

“Euskal Herria: Ezkutuko Zorra” filmean, besteak beste, eztainu inportazioa, Indiako Ozeanoko uretan gehiegizko arrantza, biodiesela ekoizteko palmondoaren erabilera eta Boliviako meatzarien arazoak jasotzen ditu.

“Tóxica Somalia” filmean herrialde hartako arazoak ikusiko dira. Gehiegizko arrantzak ez ezik, industria kimiko eta nuklearren hondakin oso toxikoen isurketak ere eragin kaltegarria izan du herrialde horretan.
“Los Yes Men arreglan el mundo” filmean Bhopaleko istripua da gaia ea Down Chemical transnazionala salatzen dute. Irudimena eta umore ukitua dira nagusi.

“End Civ” filmeak aldiz, baliabideak agortzearen ondorioz, zibilizazioaren amaieraren gaia planteatzen du.