LOKEko atletek lehengo asteburuan, otsailaren 16an, junior, jubenil eta kadete mailako Euskadiko txapelketan parte hartu zuten eta lan ederra egin zuten. Oscar Goikoetxea entrenatzailearen neska mutilek lau urrezko domina, bi zilarrezko eta bost brontzezko lortu zituzten Euskadiko txapelketan.
Gauzak honela, LOKEk dituen Euskadiko txapeldun berriak Jon Ander Bruño, Yeray Veroniz eta Eneritz Busto dira.
Jon Anderrek junior mailan jauzi hirukoitzean lortu zuen garaipena, 12 metroko jauziarekin eta luzera jauzian hirugarren izan zen.
Jubenil mailan, Yeray Veroniz-ek 60 m. lasterketa irabazi zuen, 7.32 segundorekin.
Oscar Goikoetxea entrenatzaileak aipatu digunez, Veronizek lortutako markari esker, martxoaren 9 eta 10ean Antequeran izango da Estatuko txapelketan.
Eneritz Busto kadeteak 60 m. hesi-lasterketan eta altuera proban lortu zituen urrezko bi dominak. “Altueran gainera, bere marka hobetu zuen 1m 60 eginaz”, adierazi digu LOKEko entrenatzaileak.
Honetaz gain, 60 m. lasterketan hirugarren izan zen eta 600 m. proban bosgarren.
Gainera, jubenil mailan Ane Galardik zilarrezko domina eskuratu zuen luzera jauziko proban eta 60 m. lasterketan brontzezko postuan iritsi zen helmugara.
Maider Rekondok pisua bere proba dela erakutsi eta bigarren postuko domina eraman zuen etxera, baita jauzi hirukoitzeko brontzezkoa ere.
Kadeteetan ere dominak lortu ziren, Oihana Igarrizek pisuko proban hirugarren postuan amaitu baitzuen.
Itoitz Rodriguez jubenilak bi probatan parte hartu zuen 400 m. lasterketan eta luzera jauzian eta bietan 4. postuan amaitu zuen.
Oscar Goikoetxeak aipatu digunez, “domina gehiago izan zitezkeen, baina Maria Eugi lesionatua zegoen eta Itoitzek bi probatan bakarrik parte hartu zuen”. Hauek Ane Galardi eta Yeray Veroniz-ekin batera astebete dute jubenil mailako Estatuko txapelketa prestatzeko.
Bestalde, Olasagasti ahizpek, Saioa jubenil mailan eta Idoia kadete mailan, 60 m. lasterketan parte hartu zuten eta biak finalerdietan izan ziren.
Gipuzkoako txapelketa
Baina ez dira ziurrenik pista denboraldian lortzen dituzten azken dominak izango. Asteburu honetan, maila absolutuko Gipuzkoako txapelketan izan direlako.