Geltoki Kalean jaioa da Paco Altuna, gaur egungo Jalgiren tokian zegoen “Txintxua” janari dendaren gainean hain zuzen, 3. pisuan. Ondo gogoan ditu 36ko gerraosteko beharrak, errazionamendua edota euskaraz hitz egiteko zituzten arazoak. Urteek aurrera egin dute, ilea zuritu zaio, zimurrak atera. Baina Pacoren begi berdexkek gazte diraute, ez dira aldatu, hurrengo artelana izango denaren bila.
Nondik datorkizu artearekiko zaletasuna?
Haurra nintzela, irakurtzen jakin baino lehen idazten ikasi nuen. Maistrak egiten zituen letrak kopiatzen nituen eta ez zuen sinesten letrak neuk eginak zirenik. Beraz, errepikatzeko eskatzen zidan, eta letrak txukun egiteko gai nintzela ikustean, pixka bat harrituta geratzen zen nire gaitasunarekin...
Gainontzean bizitza osoan marraztu izan dut. Paper bat hartu eta zirriborro batzuk egiten ditut beti, gehienetan marrazkiak zakarrontzira joaten diren arren.
Zerekin inspiratzen zara zure margoak eta eskulanak egiterako orduan? Nondik ateratzen dituzu ideiak?
Batzuetan aurrean topatzen dudanetik: argazkiak, postalak, armarriak... Besteetan beharrezkoa da imajinazioa edukitzea eta burua lanean jartzea.
Gustuko dudalako egiten dut, ez nau nekatzen eta izugarri lasaitzen nau gainera. Ez nuke ezerengatik aldatuko daukadan zaletasuna. Pazientzia beharrezkoa da noski, baina gustatzen bazaizu, egiten amaitzen duzu. Ahal dudan arte jarraituko dut.
Zein da obrak egiteko erabiltzen duzun materiala?
Kola-eskaiola eta pintura dira erosten ditudan gauza bakarrak. Gainontzeko material guztia hor zehar topatzen dudana da.
Esate baterako naturatik harriak, hondar fina, kontxak... hartzen ditut, dena da baliagarria. Berriki Hendaian izan naiz harea biltzen, baina kontuz ibili behar da, lehortzen utzi behar da harea, duen gatzak eskulanak zuritu egiten ditu eta.
Zer edo zer falta bazait herri guztia zeharkatzeko gai naiz behar dudan horren bila, baina gutxien espero duzun gauzek balio izaten dute artelanak egiteko, freskagarri latak, botoiak, txapakumeak, alanbreak...
Non duzu tailerra?
Piñutegin, badakit orain Teresategi bezala ezagutua dela, baina niretzat beti izango da Piñutegi, txikitan hala deitzen geniolako herriko haurrek. Bertan dauzkat txabola eta lanerako tresnak. “La Ponderosa” deitzen zion lursaila erosi nionak txabolari.
Zenbat ordu pasatzen duzu egunean bertan lanean?
Batzuetan bi, besteetan lau, zortzi, edo batere ez… Egunaren arabera. Obra batzuek ordu askotako lana dute, beste batzuek gutxiago... Baina gauza jakina da ezer egiten ez duen gizonak pentsamendu txarrak izaten dituela!
Garrantzitsua da gure adinean aktibo mantentzea. Gehiago esango dizut, batzuetan bazkalordua iritsi eta ez dut apetiturik izaten, egiten ari naizenarekin guztiz kontzentratuta egoten naizelako; gainera memoriak traizionatu egiten gaitu zenbaitetan... Izugarri gustatzen zait egiten dudana.
Animaliak gobernatzen eta baratze lanetan ere ibiltzen zara...
Badauzkat animaliak bai, ardiak eta untxiak. Ondo daramatzat bi lanak, konpainia egiten didate, gehienetan bakar-bakarrik aritzen bainaiz txabolan lanean. Baratza ere badaukat eta zaindu egiten dut hori ere.
Hurrengo hilabeteetarako proiekturik baduzu esku artean?
Okendoko frontoi zaharra egitea dut buruan eta ondoan duen etxea ere bai, apaizaren etxea deitzen geniona. Etxe hori xarmanta da lau aldeetatik. Itzela da, eta lana egiten asko disfrutatuko dut. Egurrezko eta burdinazko balkoiak dauzka, leiho politak... Asko gustatzen zait etxe hori, begiz jota dut.
Hala ere, berriz lanean hasterako bi hilabete edo pasako dira…
Salgai jartzen dituzu egindako obrak?
Ez dut obrak salgai jartzea pentsatzen. Dirua lehen behar nuen, gazte garaian, orain jadanik ez. Nahiago dut egiten ditudan lanak oparitu. Salduta zenbat aterako dut asko jota? 20 euro? Askoz ere balio gehiago du oparitzeak bai niretzat, bai oparia jasotzen duenarentzat.
Esaterako, eginda ditudan etxe eta baserrietan bizi den edo bizi izan den jendeari sekulako ilusioa egiten dio nire lanak opari jasotzeak. Erakusketara etorri, urteetan bizi izan ziren etxe edo baserria ikusi eta bihotza uzkurtzen zaie.
Erakusketari dagokionean, zer nolako harrera izan duzu?
Bisita asko jaso ditut. Batzuek muxuak eta dena eman dizkidate! eta beste batzuek zoriondu eta “Artista hutsa zara Paco!” ere oihukatu didate. Jendeari orokorrean asko gustatu zaiola uste dut. Ez dut uste hainbesteraino denik baina beno… Duela hilabete batzuk ere erakusketa bat jarri nuen kultur-etxean, lan asko ditut eginak!
Zeintzuk uste duzu direla artista on batek eduki beharreko oinarrizko osagaiak?
Picassok behin esan zuen pintatzen jakiteko pintatu, pintatu eta pintatu egin behar dela. Horrela ikasi dut nik, behin eta berriro eginez, guztiz autodidakta izan naiz eta pena dut, gaur egun haurtxoak pintura kurtsiloetan ikusten ditudanean inbidia ematen didatelako. Gustura ikasiko nukeen nik ondo marrazten. Baina familian apenas geneukan dirurik jateko ere... Ezin ninduten pintura eskola batera Donostiara eraman.
Umetako oroitzapenak etorri zaizkizu gogora...
Eskola nazional frankistetan ikasi nuen, eta beranduago gau eskoletan ere aritu nintzen. Egia esan, hor egin nuen aurrera pixka bat, baina ezer gutxi, ez pentsa…
Egungo artista gazteek bestelako erraztasunak dituzte ezta?
Gaur egun ordenagailuak direla eta ez direla, oso garatuta dago teknologia. Ni neroni ez naiz sekula baten aurrean eseri.
Bide batez, esan behar dut ikasteko ere baliagarri izan zaidala teknologia berria. Gogoan dut etxeko igogailu berria egiten aritu zirenean ikasteko baliatu nituela obrak, erabiltzen zuten material ezberdina behatzen aritu nintzen eta ideiak hartu nituen.
Nire buruari galdetzen dihardut ea zenbat lan egin ote duten aurrean ditudan esku hauek 78 urtetan...
Kalkulaezina da. 10 urterekin jada lanean hasia nintzen “caddie” moduan Lasarteko golfean, jauntxoei makilak eraman eta bolak jasotzen.
Gerora aitzurrak, pikatxoiak, hormigoia hausteko mailuak heldu ditut eta baita karroak bultzatu ere, Michelinen 35 urtez egin nuen bezala. Espero dut oraindik esku hauek lana egiten jarraitzea. Oraintxe bertan txabolako lanarekin jarraitzeko asmoa dut, noski! Beti bakarrik egoten naiz han, bake ederrean.
