Andoainen Ana Karrere alkateak aurkeztu du eskualdeko gainontzeko alkateekin batera lehenengoz sustatutako enplegu plana. "Gure eskualdean langabezia tasa altua da eta nolabait egoera honi aurre egin behar geniola erabaki genuen iazko otsailean" biltzen hasi ziren eskualdeko udal ordezkari eta teknikariak bideak zeintzuk izan zitezkeen aztertzeko. Maiatzean lankidetzarako akordioa sinatu zuten udalek eta Lanbidek eskaintzen zuen diru laguntza lerroa eskuratzeko lanetan hasi ziren.
Aurkeztutako enplegu plana gauzatzeko 484.772euroko aurrekontua dute udalek eta hauetatik 300.000 euro Lanbidek jarriko ditu. Elkarlanerako bide honetan eskualdearen diagnostiko bat egin nahi izan zen eta honetarako asko izan dira sektore ezberdinekin burututako bilerak "datu batzuk emateagatik, 24 bilera, 6 mahai sektorialak 10 bileretan eta sortutako hiru forotan 64 parte hartzaile izan dira. Guretzako parte hartze hau, Lanbide, Aldundiko eta udaletako ordezkari eta teknikariekin batera, oso positiboa izan da".
Elkarlana
Udal ordezkariek azpimarratu nahi izan dute lehenengoz adostasun politikoa egon dela gai hau eskualde bezala kudeatzeko izan ere, Hernaniko alkateak argitu moduan, eskualde bakarretakoa gara enplegua sustatzeko garapen agentziarik ez duen, udaletxe batzuetan enplegu teknikaririk ere ez zegoen". Zailtasun hauek gainditu eta elkarlanetik lehenengo enplegu plana gauzatu dute.
Horrela asmoa epe motzerako 70 enplegu inguru sortzea da. Hiru proiektu multzotan banatuko dira langile hauek. 6 langile hartuko dira Leitzaran turismo aktibo zentrorako eta beste 6 Hiri eta industria hondakinen kudeaketarako Usurbilen. Bi egitasmo hauek enplegua eta formakuntza atalaren baitan gauzatuko dira. Bigarren multzoa auto-enplegurako proiektuena izango da; dagoeneko lanean Andoaingo Urigain etxean. Honetan 9 enpresa berriren sorrera kudeatzen ari dira eta hauetan 14 lanpostu betetzea espero da. Hirugarren multzoan, herritarrentzat zerbitzuak deritzona, bi langile hartuko dira Usurbilgo mendi bideak garbitzeko, enpresetan ikuskaritza lanak egiteko beste 2 langile hartuko dira ere. Hauen lana eskualdeko enpresek dituzten beharrak ezagutzea izango da eta lan honen emaitza 51 lan postu sortzea hauetan.
Enpresek diru laguntza jasoko dute langabezian dauden herritarrak 6 hilabetez kontratatzeagatik.
