Almeriako kartzelara, 1.032 kmra, Albacete inguruan jasan zuten istripu baten ondorioz zendu ziren Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi. Honetan Joxe Balerdi, Juankar Balerdiren aita, kotxean zihoan ere eta ospitalera eraman behar izan zuten egoera larrian.
Pablo Barrio alkateak aipatu bezala oraindik “errepideak tranpa bihurtzen dira aste-bukaera guztietan bisitatzeko milaka kilometrotara joaten diren familiar eta lagunentzako”. Azken istripua orain dela hilabete gertatu zela gogoratu du Barriok, Mitxel Turrientesen lagunak Lasarte-Oriatik 600 kilometrotara dagoen Herrerako kartzelara zihoazela izan zutena hain zuzen.
Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi hil zirela 10 urte dira, “eta Juankar Balerdi presoak apirilean 24 urte beteko dituen arren kartzelan, guztiak Euskal Herritik urrunduta, ez da aldaketarik izan eta dispertsio politikak bere horretan darrai. Berarentzat aldaketa bakarra Almeriako kartzelatik Huelvakora lekualdatzea izan da, eta era berean familiar nahiz lagunak astebururo 2000 kilometro bidaiatzera behartzen ditu egoerak”.
Euskal Herriko panorama politikoak aldaketa garrantzitsu bat jasan duela azpimarratu nahi izan du Pablo Barriok eta “estatuak mugitzeko eta garai berri hauei zor zaien neurrian erantzuteko momentua iritsi dela aldarrikatu du, “preso politikoekiko mendekuan oinarritzen den espetxe politika alde batetara utzi behar da. Eta dispertsioarekin bukatu egin behar da, presoak beraien famili eta lagunen bitartez presionatzeko modu bat besterik ez baita”.
Talde politiko guztiak bake prozesu honen etorkizunaren alde lan egin behar dutela adierazi du Lasarte-Oriako alkateak eta lan horrek “mota honetako injustizien errekonozimendua eskatzen du estatuen espetxe politikaren ondorio gisa”.
Bukatzeko Lasarte-Oriako EHbilduk gobernu Frantsez eta Españolari politika honekin buka dezaten eskatu die eta preso guztiak legean oinarrituz, beraien etxeetatik ahal den gertuen lekualdatzea. Gainera, herriko talde politiko guztiei deialdia egin die alkateak euren indarrak zentzu honetan batzeko gertakari larri hauek errepika ez daitezen.
Txalo artean Askatasunaren plazan bildutako herritarrek egin dute lore eskaintza Nerea Sanchez eta Taxio Arrizabalaga zinegotziek.
