
Zubieta inguruko herrietako alkateak, auzo-herriko alkatea eta herri batzarreko kidea prentsaurrekoan.
Honetan, duela 6 urte erakundeek errauskailua egitea erabaki zutenean herriei ezer galdetu ez zitzaiela adierazi dute, “gure etxe ondoan errauskailua jartzea erabaki zuten eta errauskailua eraikitzeko prozesu luzean lehenengo urratsak ematen hasi ziren”. Baina egun haien herritarrekiko duten ardura kontuan izanik, errausketa plantari buruzko eztabaida publikoan parte hartzera behartuta sentitzen direla jakitera eman dute.
Errausketa plantako lanak geldirik egon arren, inguruko herrientzat mehatxua dela eta proiektua behin betiko amaitzeko garaia dela ondorioztatu dute alkateek.
Ikerketen ondorioak
Horretarako, osasunarengan errausketak izan ditzakeen ondorioak gogoratu “patologia desberdinak eta minbizia” eta berriki aurkeztu den Madrilgo Carlos III institutuko ikerketari aipamena zehatza egin diote prentsaurrekoan. “Errausketak nabarmen handitzen du minbizia izateko aukera”.
Horren ondorioz, errauskailua hondakinen arazoaren konponbidea ez dela eta are gehiago pertsonen osasunerako eta ingurumenerako mehatxua dela azpimarratu dute, “herritarrek ez dute halakorik merezi, inork ez du halakorik merezi”.
Beraz, mezu garbia eskaini dute, “errauskailurik ez, ez Zubietan, ez Donostian, ez Beasainen... ez dugu errauskailurik nahi inon ez”.
Deia eta eskaera
Era honetara, Zubieta inguruko alkateek Gipuzkoako herritarrei deia egin diete “arduraz joka dezagun, ikerlarien iritzia kontuan izan eta utz dezagun behingoz eta behin betirako errausketaren aukera”.
Eta Gipuzkoako Ordezkari politikoa eta erakundeei eskaera egin diete, “berma ezazue herritarren osasunerako eskubidea eta bukatutzat eman ezazue lehen bait lehen errauste planta egiteko proiektua. Alternatibak egon badaudelako”.