Gizonetik gizonera

unai-munoa 2013ko mar. 1a, 09:56

Oraingoan, gizontasunari erreparatu nahi izan diot, zinez gai garrantzitsua iruditzen zait eta. Zorionez, berdintasunaren aldarriak gero eta indar gehiago hartu duen garai hauetan, ezinbestekotzat jotzen dut gure gizontasuna ausnargai jartzea.

Jakinak dira gizon izateak berekin dakartzan rol eta gain kargak. Gogorrak izan beharrak ahul egiten gaitu, eta ahul garela ez onartzeak bakartu eta emozionalki isolatzen gaitu. Sexualki lortzen dugun palmaresak mailakatzen gaitu. Segurtasuna adierazi behar horretan, izuaren preso bizi gara. Indarraren balioak biolentzian hezten gaitu. Oihaneko errege ez bagara gure identitatea kolokan sentitzen dugu. Negar ez egiteak besarkadak galarazten dizkigu… luze jarrai genezake adibideak eman eta eman.

Nire gizonkeriak ezagutu eta gizontzeko bidea egin nahi dut, bere osotasunean, emakumeekiko berdintasunean, baina gizon izateari utzi gabe. Ezinbestean apurtu beharreko kateak baitira generoak ezartzen dizkigunak, eta gizonok bide luzea dugu egiteko oraindik.

Hau da datorren martxoaren hamalauan, Lasarteko Manuel Lekuona kultur-etxean, Imanol Kamio piano joleak, Aitor Atxega gitarra joleak eta Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariok eskainiko dugun emanaldiaren muinetako bat, “Ez gara Palestinaz ari” izendatu duguna. Bertan, gure bertute eta alde kutreenekin garen bezala agertzeaz gain, gure gizonkeria agerian utzi eta eredu berrien bila abiatzeko premia aldarrikatzen dugu, bada garaia eta.

Gure kantak dioen moduan: kartzela bat bada zure bizitza, zeu zara orma, barrotea, giltza… gizonek ez dute egiten negarrik eta horregatik gaude hain bakarrik. Ez zaude bakarrik, ez zara bakarra, guztiok daukagu elkarren beharra.