Gitarra emanaldia gaur komentuan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko martxoaren 1a

Danok Kide elkarteak antolatzen duen VIII. Musika Topaketetaz gozatzen duten herritarrek hitzordu berria dute, gaur arratsaldeko 19:30ean Ama Brigitarren komentuko kaperan. Oraingoan, Eduardo Baranzanok zuzendutako “Ehun-Ari Guitarras D+” Nafarroako Goi mailako eskolako gitarra taldea entzuteko aukera izango da.

Hamabi ikasleez osatutako talde honek doinu klasikoez gain, talde kideek bakarlarientzat edo taldearentzat konposatutako lanak eskaintzen ditu bere emanaldietan. Izan ere, helburua ez da gitarra jotzaileak egitea, hauek sortzaileagoak izatea baizik.

Lasarte-Oriako kontzertura hurbiltzen direnek beraz, Boccherini-ren “Fandangoa” edo Mertz-en “Fantasia húngara” entzungo dute, baina baita Imanol Solores, Javier Lizalde, Carlos Onis edo Carlos Turullols taldeko kideen obrak ere.