“Guztia elkarbanatzen dute”

Nerea Eizagirre 2013ko martxoaren 1a

Saharako errefuxiatu kanpamentuetan egun dagoen egoera ez da xamurra. Ez dira bisatuak ematen eta atzerritarrek oso zaila dute bertara hurbiltzea. Urtero egiten den Sahara Maratoia ez da aurten antolatu eta aste honetan “Oporrak Bakean” proiektuaren barruan harrera familiek Aste Santuan egiten dituzten bidaiak ere bertan behera geratu dira. Herrira urtero zazpi edo zortzi haur saharar etortzen dira uda gure artean igarotzera. Aurten harrera familiek ezingo dituzte bisitatu.

Oporrak bakean” egitasmoaren barruan haur saharauiarren harrera familiek hauek ikustera joateko aukera izaten dute urtean behin. Bertan haiekin bizi eta hango errealitatea ezagutzen dute. Lasarte-Oriako harrera familia kidea den Yaiza Ruiz eta haren mutilarekin, Aitor Sanchez-ekin izan gara haien esperientziari buruz gehiago jakiteko.

Noiz egin zenuten kanpamentuetara bidaia?
2011. urteko uda izan zen Teslem gure etxera etorri zen lehen aldia. Urte horretan, abenduko zubian egin ohi den bidaiaz baliatu eta kanpamentuak bisitatzera joan ginen.

Zein kanpamentutan egon zineten?
Tindouf-eko errefuxiatuen kanpamentuak Aljeriako hegoaldean daude, “hamada” deitzen den eremuan.
Kanpamentu bakoitza edo wilaya nukleo txikiagotan banatzen da, dahira. Kanpamentuek Mendabaldeko Saharako hiriburuen izenak dituzte: El Aiún, Auserd, Smara y Dajla.

Kanpamentuetara zoazenean haurraren familiaren etxean egiten duzu lo eta hiekin egiten duzu bizitza. Teslem eta bere familia El Aiún-eko kanpamentuan bizi dira eta zehazki Daura dahira-n.

Aipatu bezala, haiekin bizi zineten. Nolako da haien bizitza?
Normalean familiek oihalezko jaima bat dute udan lo egiteko eta berotik babesteko. Neguan, adobeko etxe bat dute.

Biek gela bakarra dute, bertan alfonbra bat dago eta hor egiten dute bizitza, lo, jan edo jolasten dute.
Teslem-en familia bere guraso, hiru anai-arreba, osaba-izeba, lehengusu eta aitonaz osatuta zegoen.
Bere familia gaztea da. Bere amak 27 urte ditu eta kanpamentuetan jaiotakoa da, ez du inoiz basamortutik harago dagoen ezer ikusi. Bere aitak, Mohamed-Ahmed Mendebaldeko Saharako kanporatzea bizi izan zuen eta egunak lan egin gabe pasatzen ditu. Bizitzak erritmo lasaia du kanpamentuetan.

Zein egoeratan bizi dira?
Errefuxiatu helduek ez dute ia ezer egiten egunean zehar. Kanpamentuen egoera, basamortuak eta ibairik edo iturririk ez egoteak, ez du lurra lantzea ahalbidetzen.
Medikuak, irakasleak, taxistak, gameluak zaintzen dituen jendea dago, etb. baina gutxi dira lan egiten dutenak.

Haurrak ordea, sei egunetan doaz madrasa-ra. Eskola da eta honetan kanpamentuetatik kanpo dagoen mundua ezagutzen dute.

Eskola hauetan edo ospitaleetan, esate baterako, kanpamentuetara ahal dutena eman edo laguntzera doazen bolondresak daude.

Zein leku bisitatu zenituzten bertan?
Gure hizkuntza hitz egiten zuen inor ez zela egongo uste genuen, baina zortea izan genuen eta Teslem-en izebetako batek, 16 urtekoak, Galizian 5 uda egin ondoren gazteleraz ongi moldatzen zen.
Bere esku kanpamentuetan dauden leku interesgarri eta urriak ezagutu genituen. Urritasun mentala duten pertsonentzako zentro batean izan ginen, Daurako eskola, gazteentzako lanbide heziketa zentroa, osasun zentroa, etab.

Hauek guztiek Erkidego ezberdinetako laguntza jaso eta kanpoan erakunde horien plakak zituzten. Izan ere, hauen laguntzarekin sortzen dira horrelako zentroak eta mantentzen dira. Baina hauek ez dira errefuxiatuen kopururako nahikoak ez tamaina, ezta beharrezko baliabidetan ere.

Zer da gehien harritu zintuztena? Zergatik?
Gehien harritu ninduena jendearen poza da. Nahiz eta egoera txarrean bizi, beti dute irribarrea ezpainetan eta batez ere, haurrek.

Daukaten guztia elkarbanatzen dute. Ateak irekiak dituzte edonorentzat. Bizi garen mundu berekoiarekin alderatuta, harrigarria da zenbat eta gutxiago izan, gero eta gehiago elkarbanatu eta ondokoak ere gauzak izateaz arduratzen zarela.

Zer nolako laguntzak iristen zaizkie?
Errefuxiatuek laguntza humanitarioetatik bizi dira. NBEko erakundeetatik, arroza, lekak, arraina kontserban, pasta, azukrea, irina eta olioa jasotzen dute. Menuak hidrato asko ditu eta bitamina gutxi. Dietak bizirik irauteko balio du, baina ez garapen fisikorako.

ACNUR-en datuen arabera, errefuxiatuei banatzen zaizkien hileroko produktuak, behar dituztenen %50a baino gutxiago da.

Nola antolatzen dira kanpamentuak laguntza horiek banatzeko?
Elikagaiak familia bakoitzak duen kuotaren arabera banatzen dira. Horrela errazionamendu-liburuxka antzeko bat dute, familiaren kopuruaren arabera, heldu, zein haurrak kontuan izanik, jasotzen dute janaria.