Ibon Fernandez Iradi, preso politikoa: “Espetxeak gaixotu egiten du”

Txintxarri Aldizkaria 2013ko martxoaren 1a

16 urte daramatza Lasarte-Oriatik kanpo Ibor Fernandez Iradi herritarrak. Duela hilabete jakin du Lannemezan-eko espetxean esklerosi anitza izeneko gaixotasuna daukala. Behintzat gaixotasunaren diagnosia dauka, 2011ko urtarrilean arazoekin hasi eta urte bete pasa zuen probak egitera eraman zuten arte. Espetxetik kontatu dizkigu bere atxiloketa, ihesaldi eta kartzelako bizimoduaren zertzelada batzuek.

2003tik dago kartzelan Ibon Fernandez, baina badu herriko berri. “Badakit, noski, aldaketa asko eman direla. Orduan ez zen Instituto-Goiegi aldetik Zabaletaraino doan auzorik, ez zegoen udaletxeko eraikin berririk, trena ere ez zen herri erdiraino iristen, Ostatu eta Txiki tabernak hor ziren... eta Zubietan errauskailuari lekua egiteko burututako txikizioa ere oraindik burutu gabe zegoen. Bestalde, badakit, nahiko kultur-dinamika eraginkorra eta indar handikoa dagoela herrian: antzerkiaren inguruan herritar asko dabilela, Sorgin Jaiak,...

Eta zuek aldaketarik nabaritu al duzue? Nola bizi dituzue “garai berriak”?
Bistan da egoera orokorrean aldaketak egon direla, eta aukera berriak ilusioz, bizi izan direla uste dut. Hori bai, aldaketak ez dira espetxeetara iritsi, egoera berdinean segitzen dute edo kasu batzuetan okertu ere egin dira. Estatuek ez dute inongo borondaterik prozesu demokratiko batean murgiltzeko, prozesua usteltzen utzi eta jendarteak ilusioa galtzea bilatzen dute. Eta helburu hori lortzeko gu, presoak, erabiltzen gaituzte, hau da presoak erabiliaz prozesua blokeatu nahi dute, badakitelako espetxe politikan aldaketak egiteak prozesua elikatzen duela, ezinbestekoa dela prozesuak aurrera jotzeko. Beraz, ezin diegu estatuei berearekin atera daitezen utzi.

Zer esan dezakezu prozesu demokratiko bat irekitzeko aukerez?
Prozesuak aurrera egiteko aukerak badaude, baina aurreko galderan erantzun bezala, Estatuek ez dute inolako borondaterik, prozesuan murgiltzeko. Prozesua arrisku bezala ikusten dute. Beraz prozesuan konprometituarazi behar ditugu, eta horretarako gakoa euskal jendarteak du, euskal jendartearen aktibazioak, herri presioak. Argi izan behar dugu eragile internazionalak oso garrantzitsuak diren arren, eta prozesuak aurrera egiteko ezinbesteko laguntza ematen duten arren, inork ez dizkigula kanpotik gure arazoak konponduko. Euskal gatazka ez da ez dakit zein estatuko mahai batean konponduko baldin eta euskal jendartearen presioa atzetik ez badago. Konponketa ez zaigu zerutik eroriko, guk geuk, euskal jendarteak heldu behar diogu zezenari adarretatik, gatazka hau hurrengo generazioei ez uzteko.

Nolakoak izan ziren zure bi atxiloketak?
Lehen aldiz Ahurti ondoan atxilotu ninduten, Atturri ondotik doan errepide txiki batean, beste kide batekin kotxez nindoala, aurretik prestatua zuten segada batean. Aurretik eta atzetik kotxeekin bidea itxi ziguten eta gainera etorri zitzaizkigun, Hantxe bertan, bortizki, nora gindoazen galdezka hasi zitzaizkigun, bestela Atturrira botako gintuztela.
Bigarren aldiz Mont de Marsanen atxilotu ninduten, beste bi kiderekin, Landetan, kotxea garajera sartzen ari nintzela. Zeozer sumatzen hasiak ginela pentsatu zuten, eta atxiloketa burutzea erabaki. Lehenengo atxiloketan komisaldegitik ihes egitea lortu nuen eta mendeku bezala nahiko jipoi handia eman ziguten hantxe bertan bi kideri, kolpeak jaso genituen gorputz guztian eta bi saihets apurtu zizkidaten.

Ihes egiteak ematen duen poza deskriba dezakezu? Gutxi zarete horrelakorik konta dezakezuen presoak...
Zer esango dizut..., poza handia da, bai, oso handia. Luzarorako espetxerako bidean izatetik, berriro aske izatera... Gogoratzen naiz, ihes egin eta leku ziur batean egotea lortu nuenean, berehala, tortila frantsesa otarteko bat prestatu zidatela. Munduko eta nire bizitzako goxoena iruditu zitzaidan. Baina gerora geratu zaidan sentimendua bestelakoa da, batez ere, espetxean egon beharrean aske egindako denbora hori irabazi nuela, urtebete irabazi nuela sentitzen dut.

Kontatuko al diguzu nola izan zen ihesaldia?
Ahurti ondoan atxilotu eta Baionako komisaldegira eraman gintuzten. Ziegak, hiru bat metrotara, aerazio zulo estu bat zuen, ez zen erraza pasatzea, baina hainbat aldiz saiatu eta zartakoren bat hartu ondoren, pasilora pasatu nintzen. Kontu handiz, komisaldegiko eskailera nagusira iritsi nintzen ilunpetan, han polizia bat ikusi, eta panel baten atzean gorde behar izan nuen, eskaileretatik jaitsi eta komisaldegi barruko patiora iritsi nintzen, beraien autoak aparkatzen dituzten lekura. Kanpoko hesia jarraituz, komisaldegi atzeko atera iritsi nintzen, salto egin eta kalera!!!, 2002ko Santo Tomas egunean.
Nik ez nekien, baina manifestazioa zen egun hartan Baionan, eta sirenak entzuten nituen, polizia gora eta behera zebilen Baionako kaleetan. Komisaldegitik atera eta gutxira, polizia furgoneta bat sirena piztuta niregana zuzenean zetorrela ikusi nuen, eta nik “akabo! Konturatu dituk! A zer zarta pila jaso behar dudana!” pentsatu nuen, baina furgoneta ziztu bizian pasa zen nire albotik. (Gaueko 2ak arte ez omen ziren konturatu ordura arte ez omen ziren han nengoen egiaztatzera pasa).
Gero jada leku ziurrean nintzela, lo egin eta irratiko berriak jarri nituen goizeko 7etan,... eta ez zuten ihesaldiaz ezer aipatzen. “Ni hemen nago ba, hau ez da amets bat, ez?” aipatzen nion nire buruari. Goizeko 8etako berrietatik aurrera, ordea, isildu gabe aipatzen hasi ziren ihesaldia.

Nola hartu zenuen Susper ezizena Susperman bihurtzea...
Umorearekin hartu nuen, ihes egitea beti nahiko ekintza “popularra” eta “sinpatikoa” izan da, eta normala da horrelako txantxak ateratzea.

2003tik preso, zer esango diguzu horretaz?
Tira, inorentzat ez da goxoa preso egotea, nik neuk aurten beteko ditut 10 urte giltzapean, baina hor ditugu hainbat lasarteoriatar, Txurdi, Mitxelk, Xanti, Ina, Niko, Juankar, zulo zikin hauetan bizitza oso bat. 25 urte edo gehiagoz mantendu dituztenak gatibu, azken urteak Parot doktrina aplikatuta. Pentsa dezagun gutariko bakoitzak zer den 25 urte edo gehiagoz espetxean eta herririk urrun egotea,... Txapela kentzen dut beraien eta euren familien aurrean.

30 urteko kartzela zigorra jaso duzu frantziar epaitegietan....
Argi nuen ihes egitea ez zidatela barkatuko eta zigor gogorra jarriko zidatela. Horrez gain, 2001ean tiroketa bat izan genuen jendarmeekin, jendarme bat zauritua atera zen, eta horregatik ere zigortu ninduten. Bestalde, bigarren atxiloketarengatik izan nuen azken epaiketan zera izan zen bitxia, fiskalak 20 urteko eskaera egin zuela eta epaileak 30 urtekoa ezarri zidala.
Eta, bai, 30 urteko zigorra handia da hemengo epaiketetan, baina bi kideri, Txistor Aranbururi eta Jakes Esnali, bizi arteko zigorra ezarri zieten. Txistor nirekin dago hemen Lannemezan-en.

Jendarmeekin enfrentamentuak gogor zigortzen al dituzte?
Beraientzat polizia edo jendarme bat ukitzea, Estatua ukitzea da, eta zigor “eredugarri” bat jarri nahi zuten.

Espainian epaitu al zaituzte?
Bai, bi aldiz epaitu naute.

2010eko ekainean, Madrilera ekarri zuten egunean.
2010eko ekainetik 2012ra ia bi urte pasa zenituen Espainiako kartzeletan. Alde handia al dago espetxeen artean? Eta funtzionario eta espetxe arduradunen jokabidean?
Espetxeen artean badira diferentziak. Espainian hasieratik da telefonoz deitzeko eta aurrez aurreko bisitak izateko aukera, eta Frantzian prebentibo zaren bitartean ez. Funtzionario eta espetxe arduradunen aldetik ere aldaketa pixka bat ikusten da, Espainiako espetxeetan gurekiko gorrotoa barneraino sartua dute, eta buruari eragiten diotenean askotan euskalduna nola izorratuko duten pentsatzeko da.
Este baterako Frantziatik Espainiara hegazkinez Torrejon de Ardoz-eko base militarrera iritsi eta handik Goardia Zibilaren furgonetan Soto del Real-eko espetxera eraman ninduten. Iritsi berri, ingresos-en nintzela, biluzketa kontu bategatik, funtzionarioak gainera salta eta erasotu egin ninduen, eta han ibili nintzen lurrean bueltaka berarekin... Berehala ulertu nuen “nola funtzionatzen zuten gauzak”, Espainian “parte disciplinario muy grave” batekin lur hartu nuen, isolamenduan.

Nola dira zure osasun arazo eta min-oinazeak? Egin al zizkizuten beharrezko mediku froga eta diagnosiak?
Duela gutxi berriro ospitalean egon naiz, froga mediku berriak egin eta gaitza zein den jakitea lortu dute. Duela bi aste jaso dut emaitza, eta, ezin esan ona denik, esklerosi anitza dudala esan didate. Bestalde, 2012ko urrian agerraldi edo brote bat izan nuen, eta kortikoideen tratamenduaren ondorioz, infekzio orokorra izan nuen... Tira hor nabil nire minekin egoerari buelta eman nahian. Hemendik aurrera eta maite dudan pertsona batek esan zidan bezala, esklerosia betirako nirekin biziko denez, bere laguna egin beharko dut, nirekin askotan haserretu ez dadin.
2011ko urtarrilean hasi ziren nire osasun arazoak. Espetxean gastroenteritis bat zabaldu zen, denek pasa eta sendatzen ziren, ni izan ezik. Gaitzak gorputz erdia harrapatu eta bi astez gurpil-aulki batean egon behar izan nuen, zer zen jakin gabe. Ez zidaten ospitalera froga medikuak egitera atera nahi. Azkenean salaketa jarri eta irabazi ondoren, ospitalera ateratzea lortu genuen, gaixotasuna hasi eta kasik urte betera. Bizkarrezurreko muinean sei lesio nituela esan zidaten orduan, zer gaitz zen zehaztu gabe.

Presoek zuen borroka txikiak egiten dituzue espetxeetako neurrien aurka? Konta al dezakezu bat edo beste?
Bat, esate baterako Fleury Merogis, Europako espetxerik handienekoa. Han modulu bakoitza espetxe bat bezalako da. Epaitegira ateratzen gintuzten aldi oro hiru aldiz biluzi arazi nahi ziguten. Guk ez genuen onartzen, hori egitekotan kasik epaitegira biluzik joatea ere hobe zela erantzun genien. Horrela, epaitegira joaten ginen aldioro, biluztea errefusatu eta kalapita izaten genuen, zigor parteak egiten zizkiguten. Azkenean euskaldun guztiok zigor ziegatan bukatu genuen. Ikusi beharra zegoen nolakoak ziren Fleury ko zigor ziegak... leihorik gabeko kalabozo zikinak, askotan kaka arrastoak paretetan, komun turkoa, norberaren inolako gauzarik ezin izan (liburu, arropa, telebista edo irrati....), inor ikusteko aukerarik gabe,.... eta “gehienez” 45 egunetan geratu gintezkeen han.
Azkenean borrokaldia irabazi genuen eta hiru aldiz biluztu beharrean, biluzketa bakarra ezarri zuten, baina gutariko askori “ostikoa eman” eta beste espetxetara bidali gintuzten. “bai, irabazi duzue, baina kanpora hemendik” esan ziguten.

Preso sozialekin nolako hartu-emanak dituzue. Ba al da bi kolektiboen arteko elkartasunik?
Preso sozialen artean denetarik da, baina askorekin dugu harreman ona. Batzutan antolatu ohi dituzte eskaeraren bat egiteko protesta ekintzak, eta beti saiatzen gara gure elkartasuna adieraziz parte hartzen. Hori bai, preso sozialek ez dute kolektibo bezala funtzionatzen, protesta ekintzak nahiko bat-batekoak izan ohi dira.

Eskubide urraketa asko al da espetxeetan? Estatuen bortizkeriak jarraitzen al du?
Espetxea bera urraketa handi bat dela esan genezake. Espetxeak batez ere pobre eta baztertuentzat eginak daude (eta disidentzia politikoarentzat). Aberats gutxi ikusiko duzu hemen, lapur handienek ez dute hemen bukatzen.
Bestalde, arazo psikologiko eta psikiatrikoak dituzten presoen kopurua izugarria da, psikiatrikotan artatu beharreko pertsonak espetxetara ekartzen dituzte, merkeagoa baita espetxeko ziega batean sartzea, sendatzeko zentro batera eraman eta tratamendu egokia ematea baino. Presoek lan egiteko tailerretan ere, lan baldintza penagarrietan lan egiten dute, soldata miserableekin, eta lan eskubiderik gabe, greba eskubiderik gabe,... Espresak, presoak duten behar egoeraz baliatzen dira, “txollo” bat da enpresentzat eta nolabait enpresa deslokalizatzea bezala da. Gainera enpresa eta espetxeek esklabu lan hau, bergizarteratze politika eta presoekiko laguntza bezala jazten dute... eta horrela eskubide urraketekin segituz gero, ez genuke bukatuko.
Bestetik esan behar da pertsona ez dagoela lau pareta artean egoteko egina, osasuntsu sartutako asko hemen gaixotzen dira. Espetxeak gaixotu egiten du.
Dituen helburuak kontutan izanda espetxea porrot handi bat dela esan daiteke, zeren eta espetxeak gaur egun ez du inor bergizarteratzen. Baina penagarriena da ez dutela hau aldatzeko asmorik, zeren eta espetxea negozio handi bat da, jende asko bizi da espetxetik eta espetxearen inguruan.

Noiz arte uste duzu iraungo duela sakabanaketak?
Prozesuaren bilakaeraren inguruan erantzun dizudan berbera esango dizut, euskal jendarteak du giltza. Euskal jendarteak lortu behar du estatuei errentableagoa izatea presoak askatzea espetxean mantentzea baino, eta horretarako etengabeko presioa egin beharko da. Esate baterako Bilbon egindako manifestazioa sekulakoa izan zen, beharrezkoa indarra hartzeko,eta estatuei mezu indartsua bidaltzeko. Baina hori ez da nahikoa presoak Euskal Herriratzeko eta ondoren askatzeko: euskal jendartean salto bat eman behar da, irabazteko gosea izan behar da, eta presio iraunkorra ezinbestekoa da.