Langabeak kontratatzen dituzten enpresek diru laguntza izango dute

jon-altuna-iza 2013ko martxoaren 1a

Lasarte-Oriako Udaleko Zerbitzu Sozialen eta Enpleguaren saileko Gorka Lizarraga arduradunak Langabeak kontratatzeko eskualdean emango diru-laguntzen berri eman du Dionisio Avila enplegu dinamizatzailearekin eta Izaskun Cuatango egitasmoaren koordinatzailearekin batera. Sei hilabetean hilero 641,40 euroko laguntza jasoko dute martxoaren 4tik aurrera egun osorako jardunarekin langilea kontratatzen duten enpresek.

484.772 euroko aurrekontua duen Eskualdeko Enplegu Plangintza jarri dute martxan, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil eta Urnietako Udalek, eta langabeak kontratatzeko diru laguntza horien berri emateko kanpaina hasi du Lasarte-Oriako Udalak. 686 enpresari bidaliko zaie egitasmoaren informazioa, baina enpresa guztietara iristerik izango ez dutela jakinik, publikoki ezagutarazi dute gaur eguerdian Villa Mirentxun Udaleko arduradunek.
Diru laguntza jasotzeko zenbait baldintza bete beharko dituzte enpresek, batetik, langabezian dauden pertsonak lanaldi osorako eta gutxienez sei hilabeterako kontratatu beharko dituzte martxoaren 4tik ekainaren 30era bitartean, langabetuak aipatutako herriren batean erroldatuta egon behar ziren 2012ko urtarrilaren 1ean eta Lanbide Enplegu Zerbitzuan izena emanda.
Diru-laguntza hilero 641,40 eurokoa da eta enpresa bakoitzak gehienez sei aldiz jaso dezake.
Enpresa edo profesional interesatuek eskaerak aurkezteko epea 2013ko ekainaren 30 arte izango dute zabalik Andoaingo Udalaren Sustapen ekonomiko, enplegu eta Gazteria Sailean, Udaletxe ondoan dagoen Urigain etxean.
Dena den informazio gehiago nahi duenak, eskaintzaren oinarriak eta informazio orriak ikusgai dituzte Udalaren web orrialdean, interesatuak Villa Mirentxuko enplegu zerbitzuarekin ere hartuemanetan jarri daitezke, eta nahi izanez gero d.avila@lasarte-oria.org helbide elektronikoan eskatu dezakete informazio gehiago.
Prentsaurrekoan Gorka Lizarragak esan duenez, enplegu plan horretako 484.772 euroekin 51 kontratazio egiteko dirulaguntzak eskaini dituzte eskualdeko enpresa, profesional eta laneratzea sustatzen duten erakundeentzako. “Eta garrantzitsua iruditzen zaigu gure Udalerriko enpresei dei egitea proiektu honetan parte hartzeko, herriko egoera sozio-ekonomikoaren suspertze aldera” esan du Bilduko zinegotziak.
Dionisio Avila enplegu dinamizatzaileak adierazi duenez enpresekin harreman sendo eta arina izan nahi dute, “hau lehen pausua da eta eskualdeko ikuspegitik lanean jarraitzeko eta egitasmoa indartzeko asmoa dugu”.