Akorde eta arpegio erakustaldia

jon-altuna-egitegi 2013ko martxoaren 2a

Gitarrak izan ziren protagonista ostiralean Lasarte-Orian. Nafarroako Kontserbatorioko ikaslez osatutako Ehun-Ari Guitarras D+ taldeak Brijidatarren komentua txiki uztea lortu zuen Eduardo Baranzano zuzendari uruguaidarraren gidaritzapean. Emanaldia Danok Kidek antolatutako VIII. Musika Topaketen barnean eskaini zuten hamabi musikarik, akorde eta arpegio erakustaldia emanez. Bestalde, Abend edaritegian heavy zaleek Metal Gauaz gozatzeko aukera izan zuten gauerditik aurrera Continuo Renacer eta Bloddy Brotherhood taldeekin.

Carlos Onís.
Brijidatarren komentua erabilia da musika kontzertuak egiteko duen sonoritate bikainagatik eta ostiral ilunabarrean kalitate handiko kontzertu baten lekuko izan zen beste behin.
Nafarroako Goi Mailako Musika Eskolako ikasleen txanda izan zen oraingo honetan, goitik behera beltzez jantzita behatz luze eta finak lanean jarri zituzten.
Musikariek eskainitako lan batzuk benetan teknikoak izan ziren, ezinezko arpegio eta behatz luzaketak eskatzen zituztenak, beste batzuk berriz sinpleagoak, sentimendu handiarekin interpretatu beharrekoak ikusleen txalo zaparradarekin gozatu aurretik. Eskainitako gitarra-lanetako batzuk ikasleek eurek konposatutakoak izan ziren, beste batzuk ordea mundu mailako gitarra-maisu ezagunen moldaketak izan ziren, hala nola, Tárrega, Domeniconi edota Kaspar Metz-enak.
Dena den, musikari guztiek eman zuten euren mailaren berri, baina bereziki aipagarriak izan ziren Raquel Pérez eta Yoana Cantero musikari gazteek Bocceriniren “Fandango” obra interpretatzen egindako lana eta Carlos Onís ikasleak berak konposatutako “Por los caminos” maisulana.
Haren kantaren tituluak dion bezala, Onísek kontraste bideak irekiz jolastu zuen, doinu alai eta grabeak uztartu zituen, argiak eta ilunak nahastu. Sentimendu uholdea sortu zuen ikusleen artean isiluneekin jolasteko erakutsi zuen abileaziak txundituta. Maisu handiek dioten bezala, isiltasuna ondo erabiltzea baita musika ona sortzeko bidea eta Onís-ek bete-betean asmatu zuen hortan. Isiluneak entzuleen barne-oihu bihurtuzea lortu zuen. Bi obra hauen ostean “Bravo! Bravo!” ozenak entzun ziren aretoan.
Eurez gain, Amor Cartagena, Ander Percaz, Carlos Turullols, Imanol Solores, Javier Lizalde, Kilian Carrillo, Mikel Auzmendi eta Mikel Ruano ere aritu ziren euren egurrezko gitarrei sokak astintzen, maila gehiago edo gutxiagorekin. Nafarroako eskola izan arren, Logroño edo Zaragoza bezalako hirietako ikasleak ditu Ehun-Arik.

Continuo Renacer Abend-en.
Metal gaua Abenden
Herriko metalzaleak ere asebetetzeko aukera izan zuten Abend-en eskainitako Continuo Renacer eta Bloddy Brotherhood taldeen kontzertu biziekin.
Normalean baino askoz ere jende gehiago bildu zen aretoan, eta musikariek eskertu egin zuten lasarteoriatarren harrera. Metal gogorrarekin gozatu eta parranda txiki bat botatzeko parada izan zen.
_