Larunbatekoa Udaberri txapelketako fase erregularraren azken partidua izan zen, eta sailkapeneko lehen lauak berdintuta zeuden ligaxkan, partidu kopuru bera irabazita.
Patuak hala erabakita, Hondarribia eta Azkoitia lehen bi sailkatuek elkarren aurka neurtu zituzten indarrak azken jardunaldian eta laugarren zihoan Intzak berriz, hirugarren sailkatu Gazteleku izan zuen aurrean. Hortaz, bi partidu horietako irabazleek eskuratuko zuten finalaurrekoetarako txartela eta zorionez etxean geratu zen.
Hala ere, partidua benetan gogor eta luze joan zen. Andoaingo Eneko Maiz aurrelariak kalitate printzak utzi zituen, eta tantoak erabakitzeko ardura bere gain hartu zuen uneoro, baina Mikel Arberas atzelariaren lan seguru eta duina eginagatik, pilota frontisera eraman besterik ez zuen egiten, etxekoei bitartean, izugarri kostatzen zitzaien tantoak errematatzea partidu osoan aurretik joan ziren. Hala ere, aleka eta apurta tantoak metatu eta partidua irabaztea lortu zuten.
Pozik mintzo zen Solano entrenatzailea partidu amaieran: “Azkoitia edo Hondarribia izango ditugu aurrean finalaurrekoan, pilotari gogorrak dituzte, eta Azkoitiak irabaziko balu mesede guretzat, joan-etorriko kanporaketa izanik itzulikoa etxean jokatuko baikenuke, eta Hondarribiak irabazita berriz, itzulikoa kanpoan”.
Gainontzeko partiduak
I. mailako jubenilek finalaurrekoetara sailkatzeko aukerarik gabe jokatu zuten Udaberri txapelketako azken partidua Michelinen bertan, hala ere, azken hatseraino egin zuen borrokan Julen Chiapuso eta Mikel Arangurenek osatutako bikoteak. Aurrean Zegamako Tartaloetxe eskolako bikote gogorra izan zuten, eta ordubete pasatxoko partiduaren ostean, amore eman behar izan zuten, 19-22ko emaitzaz.
Infantilei dagokienez berriz, Gipuzkoako Errendimendu Txapelketako azkenaurreko partidua jokatu zuten Hernaniren aurka. Jon Ibisate eta Jokin Rodriguez herriko pilotari gazteek eutsi egin zioten Hernaniko bikotearen oldarraldiari partidu erdiraino, baina hamarna berdinduta joan ostean, hernaniarrek ia erreskadan egin zituzten azken 8 tantoak partidua 18-11 ixteko etxekoen kaltetan.
