Andaluziar izateaz harro

jon-altuna-egitegi 2013ko martxoaren 3a

Egun handia da otsailaren 28a andaluziarrentzat, 1980. urtean autonomia erkidego bezala osatu zirela ospatzen baitute. Herrian ere, Semblante Andaluz elkarteak antolatuta asteburu osoan zehar izan dira ekintzak Atsobakarren duten egoitzan. Pablo Barrio alkateak igandeko bazkaria baino lehen esandako hitzek laburbiltzen dute hobekien andaluziar eta euskaldunek komunean dutena: “Sustraiak non dituen ahazten ez duen herria, bizirik dagoen herria da”.

Ostegunean “fino” ardoarekin brindisa eginda eman zioten hasiera Semblante Andaluzeko kideek Andaluzia Egun handiari. Hortik aurrera, igande arratsalderaino etenik izan ez zuen ospakizuna izan zuten.
Urte osoan zehar entseatzen ibiltzen diren taldeek asteburu osoan euren lana erakusteko aukera izan zuten. Azabacheri dantza taldeari dagokionez, tango, pasodoble, sevillana eta alegria flamenkoa dantzatu zituzten euren gonak lau haizetara astinduz ostiral iluntzean.
Merche Montesen kopla andaluziar herrikoiek berriz, jendeari bertako oroitzapenak gogorarazi zizkioten.
Behin larunbata iritsita, Gitanillos del Alba gaztetxoen dantza taldearen, Duende Flamencoko lau neska gazteen eta Zambra taldearen txanda izan zen.

Igandean, festa nagusia
Ospakizun bereziak ordea, festaren egun handia, igandea izan zen. Goizean meza rocieroa egin zuten Arantzazuko Ama Birjinaren parrokian eta herriko andaluziarrek Jaungoikoari beraien lurraldeko produktuak, oliba olioa, erroskilak, ozpina etab. eskaini zizkioten aldarean jarrita.
Semblante Rociero abesbatzak hainbat abesti jo eta kantatu zituen mezan, tartean Rocioko amabirjinari eskainitako “salve” zoragarria.
Meza amaituta, Semblante Andaluz elkartean egindako bazkarian 120 jankide elkartu ziren. Besteak beste, alkatea eta udal zein eliz ordezkariak izan ziren bertan. Jateari ekin aurretik ordea, Jose Pérez presidenteak hitz politak izan zituen aurreko zuzendaritzarekiko, Abdon Fernández presidente ohia eta haren emaztearekiko. Bazkaltzeari ekin aurretik Andaluziako ereserkia abestu zuten lege onez.



Andaluziako ereserkia:

Bandera zuri eta berdea bueltan da,
mendeetako gudaren ostean
bakea eta itxaropena aldarrikatzera
gure lurretako eguzkipean

Andaluziarrok, altxa!
Eskatu lurra eta askatasuna!
Izan dadila Andaluzia libreagatik,
Espainiagatik eta Gizateriagatik!

Andaluziarrok behinola izan ginena
izan nahi dugu berriro,
gizon argiak, gizonei gizonezkoen
arima eman genien horiek

Andaluziarrok, altxa!
Eskatu lurra eta askatasuna!
Izan dadila Andaluzia libreagatik,
Espainiagatik eta Gizateriagatik!