Jon Ander Bruño Gipuzkoako txapeldun

Nerea Eizagirre 2013ko martxoaren 4a

LOKEko eta herriko atletak Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuten lehengo asteburuan, otsailaren 23 eta 24an. Herriko taldeko atletek aurreko asteetan lortutako domina eta tituluen poltsara beste lau gehitu zituzten, bat urrezkoa eta beste hiru zilarrezkoak.

Jon Altuna 800 metroko lasterketako podiumean, bigarren koskan. Arg.: I. Los Arcos

LOKEko gazteek ez dute atsedenik. Lehengo asteburuan Gipuzkoako absolutu txapelketan lehian izan ziren Donostian eta ez ziren esku hutsik bueltatu urrezko domina bat eta hiru zilarrezko lortu baitzituzten. LOKEko Oscar Goikoetxea entrenatzailea pozik agertu da txapelketako emaitzekin, “ohikoak ez diren atletek lortu dituzte dominak oraingoan”.
Izan ere, Oscarrek azaldu legez, atleta batzuk asteburu honetan Antequeran proba zutela eta, ez ziren ohiko probetan lehiatu edo gutxiagotan lehiatu ziren.
Hauetaz gain, Real Sociedad taldean dagoen Iñigo Sevillano herritarrak ere domina eskuratu zuen, brontzezkoa 60m. hesietan.

Dominak

Jon Ander Bruño da Gipuzkoako txapeldun titulu berria eskatu duen atleta. Jauzi hirukoitzeko proban lortu zuen garaipena. LOKEko atletak 12 m 41 zm-ko jauzia egin zuen bere lehen saiakeran eta bere marka hobetu zuen era horretara.
Honetaz gain, zilarrezko hiru domina lortu zituzten LOKEko atletek.
Lehenengoa Ane Galardi gazteak eskuratu zuen luzera jauzian.
Anek ez zuen lan erraza izan, bere lehen jauzietan ezin izan zen 5 metroetara iritsi. Laugarren postuan amaituko zuela zirudien arrean, azkenekoan 5m. eta 16 zm egin eta bigarren postuan amaitu zuen lehiaketa.
Era berean, Gaizka Ormazabalek 200 m. lasterketan lortu zuen bigarren postua.
Gaizkak finalaurrekoan ederki korrika egin eta finalerako sailkatu zen bere lasterketako bigarren bezala. Fianlean, berriz, 22sg. 69 denbora egin zuen, bere marka onenetik oso gertu, zilarrezko domina eskuratuz.
800 metroko lasterketan lortu zuen LOKE-k azken txapeldunordetza, Jon Altuna Egitegi Txintxarriko lankideak zilarra erdietsi baitzuen.
Jonek lasterketa bakarra izan zuen bere onena emateko eta 2:01:45 denbora eginaz, bere marka pertsonala 76 ehunenekotan hobetu zuen.
Hauetaz gain, Real Sociedad taldean dagoen Iñigo Sevillano herritarrak ere domina eskuratu zuen 60 m. hesi-lasterketan.
Iñigok brontzezko postua eskuratu zuen (9sg 01), finalean bere taldeko bi kide aurretik izan zituen.

Finaletan ere ordezkariak

Ez ziren hauek izan finaletan parte hartu zuten atleta bakarrak izan.
Ane Galardik gertu izan zuen bigarren domina, jauzi hirukoitzeko finalean laugarren izan baitzen.
60 m. proban bi atleta izan ziren finaletan, Yeray Veronizek 7. postuan amaitu zuen lasterketa eta Eneritz Busto 8. izan zen nesken lehiaketan.
Itoitz Rodriguez 200 m. lasterketako finalean izan zen eta 6. postuarekin konformatu behar izan zuen.
Luzera jauziko proban Idoia Olasagasti eta Eneritz Busto gazteak ere izan ziren lehian. Hauek 7. eta 8. postuan, hurrenez hurren, amaitu zuten proba.
Hauez gain, pisuan Asier Eizagirre aritu zen eta Brayan Izquierdo, Idoia eta Saioa Olasagastik 60 metro lasterketako proban parte hartu zuten.