“Segurtasuna ere garrantzitsua da”

Nerea Eizagirre 2013ko mar. 4a, 10:23
Jesus M. Perez Azaceta herritarrak bere bosgarren liburua “Los mejores recorridos para conocer la montaña vasca” aurkeztuko du martxoaren 7an. Honetan Euskal Herriko 60 mendietako ibilbideak eta hauetaz gozatzeko gomendioak eskaintzen ditu.
Jesus M. Perez Azaceta bere liburu berriarekin.
Jesus M. Perez Azacetaren zaletasuna, mendia, bere ogibidea ere bada. Mendira joan eta argazki kamera eta koadernoa ditu beti gainean. Honela liburuak osatu eta “Los mejores recorridos para conocer la montaña vasca” aurkeztuko du ofizialki ostegunean Donostiako Elkar aretoan. Hala ere, Durangon jarri zen salgai eta harrera ona izan duela aipatu digu berarekin izan dugun solasaldian.

Nola sortu zen liburua egiteko ideia?
Mendian ibiltzen hasteko gida bat egiteko ideia sortu zen. Urte asko daramatzagu mendian eta beti dago jende berria, gazteak, gauzak galdetzen dizkizuna.
Hasierako ideia hori zen. Baina idazten eta irteerak egiten nindoan heinean, osatzen joan nintzen eta mendian hasi berriak direnak eta esperientzia gehiago dutenek erabili dezakete liburua. Azken hauek ibilbide berriak ezagutu ditzakete.

Beraz, zer aurki dezakegu liburuan?
Azkenean 60 ibilbide eta igoera ezberdin batu ditugu liburuan.
Maila desberdinetan banatu ditugu, batetik bostera. Lehengo mailan ibilbide errazak daude eta azkenean, igoera zaileko mendiak daude eskalada beharrezkoa dena batzuetan.
Honela, bakoitzak ikusi dezake zein igoera edo ibilbide egin dezakeen edo komeni zaion egitea.

Mendi ezagunenak daude liburuan?
Niretzat adierazgarrienak diren mendiak dira. Baina lurralde eta maila desberdinetakoak aukeratu behar izan ditugunez, maila bakoitzean hamabi daude.
Euskal Herrian mendi pila dugu, oso politak eta ez dira ezagutzen. Liburuan 60 ibilaldi eta mendi daude baina guztiek ez dituzte ezagutuko.

Beraz, aipatu legez bide ezberdinak bilatu dituzue?
Gehienak ibilbide ohikoak dira. Besteetan gailurrak ezagunak dira, baina aukeratutako ibilbidea ez, hala nola, Hiru Errege Mahaia ez goaz ibilbide normaletik, baizik eta Belaguako txokotik Mata de Hayatik atera eta zazpi ordu eta erdiko ibilbidea, 1500 metroko igoera duena... Anbotora gailurreritik goaz, Alluitz-Anboto egiten da eta nire ustez, hori da liburuko ibilbiderik zailena.
Urederratik hasi eta Alluitz Anbotoko ibilbidearekin amaitzen da.

Ibilbideez gain, gomendioak ere ematen dituzu liburuan...
Liburua egiterakoan, pentsatu genuen oinarrizko eskuliburua egitea. Guk urte asko daramatzagu eta guztia dakigula dirudi, baina ez da horrela.
Horregatik maila bakoitzean gomendioak txertatu ditugu ba mendizaletasunari buruzko oinarriak, nola prestatu, elikagaiak eta osasuna, entrenamenduak, orientazioa... GPSarekin ezin da edonora joan, horregatik mapak irakurtzen jakin behar da, izarrekin nola aurkitu norabide zuzena etab.

Horietako batzuk segurtasunarekin zer ikusia izango dute, ezta?
Bai horrela da. Segurtasuna ere garrantzitsua dela aldarrikatu nahi dugu.
Eskuliburu bezala erabiltzea da liburuaren helburua, baina ez da nahikoa. Nahitaezkoa da federatua izatea eta elkarte baten eskutik bada hobe. Klub horiek ikastaroak ematen dituzte, orientazioa, mendira joateko prestaketa etab.
Mendian ematen diren lehenengo pausoetan mendia ezagutu eta esperientzia duen norbaitekin joatea komenigarria da.
Izan ere, hemen ere istripuak daude eta jendea hotzez hiltzen da.
Lehengo egunean Hiru Errege Mahaia eta Anie inguruan ginela, bertako batek esan zigun uztailean ere hotzez hil izan dela jendea. Hemen ere gerta daitezke zorigaiztokoak.
Ongi prestatu behar dira irteerak joan baino lehen, nora joango naiz, zein eguraldi egingo duen, zenbat ordu izango diren, non geratuko naizen... Hori da garrantzitsuena, gero gozatuko dugu bideaz eta mendiaz.
Adarra aldean dagoen Mulisko gaina gune megalitikoa. Arg.: Jesus M. Perez Azaceta

Liburu honetan, besteetan bezala, ibilaldiaren ondoren zer egin edo zer ikusi proposatzen duzu?
Hori nire ikurra dela esan daiteke. Donostia-Baiona eta Irati-Belagua Trekking liburuetan egin nuen antzera, hemen ere, ibilbidea egin ostean inguruan ikusi daitezkeen monumentu, museoak... txertatu ditut. Izagara bazoaz, hor ondoan Santa Fe-ko garaia dago. Bertan arratsalde pasa joan zaitezke edo familiarekin joan hau ikustera. Ibilbide bakoitzean inguruko “zer egin” bat dago.
Eta hemen zerbait gehiago atxiki dut, bazenekien atala. Mendizaleok badakigu Everest, Aneto edo Annapurna igo zuen lehen pertsona zein izan zen, baina hori ez daki edonork.
Beraz, mendizaletasunari buruzko horrelako datuak sartu ditut, hala nola, 8.000 metroko mendien artean igo zen lehena Annapurna dela edo Ernioko gurutzea noiz inauguratu zen, 11 metroko altuera duela...
Hau eginez, nik ere gauza eta leku asko ezagutu ditut. Izan ere, hemen gauza asko dugu eta ez ditugu ezagutzen. Sherpen bizitzari buruz gauza asko dakizkigu, baina hemengo etnografiari buruz gauza gutxi.

Zure esperientziaz baliatu zara hau idazteko?
Nik urte asko daramatzat mendian, baina gainera, mendizaletasunarekin zer ikusia duen lana daukat. Nire zaletasuna ogibide ere bada. Sua argitaletxean egiten dut lan eta bi aldizkari egiten ditugu, “Euskal Herria” aldizkaria eta “El mundo de los pirineos”. Orduan batetik eta bestetik osatzen joan naiz.

Baina mendizaleengan esperientzia garrantzitsua da...
Esperientzia da mendizaleen bertuterik garrantzitsuenetarikoa. Baina ez da esperientzia horretara azkar iritsi behar. Mendiak egiten eta egunero gozatuz, nahi gabe edo konturatu gabe esperientzia hori hartzen da.
Orain lasterka egin nahi da guztia. Gero eta gehiago nahi dela eta Txindoki edo beste mendi batera igo baino lehen, jendea Alpeetara edo Ande eta Himalayara trekking bat egitera doa.
Horregatik, liburuaren beste oinarrietako bat jendeak sen ona erabiltzea da. Hasieran inguruko mendietatik hasi eta pixkanaka Euskal Herrikoak egin. Gero agian Piriniotara, Alpeetara edo Himalayara joan daiteke.
Era honetara liburu honekin ibilbide sinpleenetatik hastea aldarrikatzen dut. Esperientzia hartu eta gero aurrerago urruti dauden mendiak egin ditzakegu.