Martxoaren 8rako egitarau berezia

Txintxarri Aldizkaria 2013ko martxoaren 4a

Ohi bezala Martxoaren 8a emakumearen eguna dela eta herrian astean zehar ekintza egitaraua antolatu du besteak beste Emakumeen zentro zibikoak. Hitzaldiak, antzerkia eta urteroko afaria ez dira faltako. Herriko emakumeak ekintzetan parte hartzera gonbidatzen dituzte.

Iaz herriko Jesus Muñoz psikologoak eskaini zuen hitzaldia Villa Mirentxun.

Asteartetik ostiralera hainbat ekintza antolatu ditu herriko emakumeen zentro zibikoak udal gizarte zerbitzuen laguntzarekin urtero bezala.
Egitarauaren baitan hitzaldiak, antzerkia, elkarrataratzea izango dira besteak beste. Aurten ere ipuin kontalarien saio bat prestatu dute.

Egitaraua

Bihar, asteartean hasiera emango diote emekumearen eguneko egitarau bereziari. 17:30ean Kontukantoi ipuin kontalariekin izango da hitzordua Villa Mirentxun. Bearen istorioak marraztuko ditu Cesarrek saio erakargarri eta polit bat eskainiz haur zein helduentzat.
Asteazkenean eta ostegunean 17:00etan hitzaldiak antolatu dituzte zentro zibikoan bertan. Honetan Alazne Zaldua psikologoa adin batetik aurrera sexua nola bizi behar den eta sexu harremanez mintzatuko da.

Aldarrikapen eguna

Ostirala martxoaren 8a izanda eta egun honen helburua ahaztu gabe, elkarretaratzea egingo dute Manuel Lekuona kultur-etxeko sarreran emakumeek 16:45ean.
19:30ean berriz, egitarau berezi honen baitan antzerkia eskainiko du EPAko ikasle taldeak. Honetan “Milagro en casa de los Lopez Ayala” lana aurkeztuko dute kultur-etxean. Hau ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude 3,50 eurotan leihatilan eta 3,24 internetez hartuta.
Ondoren, 21:30ean aldarrikapena utzi gabe, ospakizunari tartea egingo diote.
Horrela izanda, Araeta jatetxean urteroko afari irikia egingo dute. Honen prezioa 22 eurokoa izango da eta herriko emakume guztiek har dezakete parte honetan. Aurrez, hori bai, izena eman beharko da zentro zibikoan. Honetan parte hartzera animatzen dituzte herriko emakumeak zentro zibikotik.

Semblanten afaria

Baina aipatutakoak ez dira ekintza bakarrak izango. Rocioko kofradiako lagunek martxoaren 8an emakumearen nazioarteko egunarekin bat egin nahi izan dute eta hitzaldia eta emakumeentzako afaria antolatu dituzte Semblante Andaluz elkartean.
Nerea Segura elikadura eta dietetikan adituak hitzaldia eskainiko du 19:30ean elkartean eta ondoren, izena ematen duten emakumeentzako afaria prestatu dute. Elkartean izena eman beharko da aurretik honetan parte hartzeko. Afariaren ostean, musikak dantzarako aukera emango die bertaratutakoei.
Emakumeen egunarekin bat egitera animatzen dituzte herritarrak zentro zibikotik eta gizarte zerbitzuetatik.