“Ezin daiteke aiztogintzatik bizi”

jon-altuna-iza 2013ko mar. 4a, 10:43

Cesar Bozal artisauak, aizto eta labanak egiten ditu eskuz, baina aiztogintzatik ezin denez bizi beti egin du beste lan bat. Duela urte bete ireki zuen oinetako konponketa denda Aralar plazan, Sirimiri elkartearen parean. Batetik, oinetakoak konpondu, giltzen kopiak egin, aizto, laban, guraize eta beste zorroztu... denetarik egiten du eta bestalde, aizto eta labanak dauzka salgai. Berak eta beste adiskide artisauek egindakoak, zein industrialak, kalitate eta prezioarengatik berak aukeratutakoak. Hiru liburu idatzi ditu eta artisauen bi elkartetako ordezkari ere bada, Trintxerpen jaio eta Lasarte-orian bizi den artisaua.

Cesar Bozal, dendan, idatzi duen hirugarren liburuarekin. Laugarrena prestatzen ari da.

Cesar Bozalek odolean darama artisautza, amaren aldeko aitona zapatagilea zen, Donostiako alde zaharrean zuen denda, eta aitaren aldekoak alpargatagileak ziren Errioxan. Gainera altzarien fabrikazio eta konponketa ikasi zuen Lanbide Heziketan. Altzari konpontzaile hasi zen lanean, oinetako kon ponketa denda izan zuen Egian, baina gero 18 urte aritu zen arte grafikoetan beste bost publizitate agentzia batean, bi urte ikuskizunak antolatzen dituen enpresa batean, duela bi urte langabezian geratu zen arte. Iaz ireki zuen denda: “Ez zen beste irtenbiderik, gauzak asko okertu dira eta baldintza kaskarrak soilik eskaini dizkidate”. Orain ere bizimodua aurrera ateratzeko ordu asko pasatzen ditu Cesar Bozalek Aralar plazan daukan dendan.

Zer da aiztogile-artisaua izatea?
Zeure aizto edo laban propio eta bakarrak sortzea da aiztogintza edo labanagintza artisauan aritzea, ia dena eskuekin lan eginez. Zuk zeuk prestatzen duzu diseinua eskuz, ordenagailurik erabili gabe, eta fabrikazioan, altzairua mozterakoan, ez dago kontrol numerikorik. Zuk egingo duzu dena: luzera erabaki, altzairua aukeratu, heldulekua diseinatu eta materiala (egurra, hezurra, adarra...) hautatu eta narruzko bere zorroa egin.

Noiz pentsatu zenuen zaletasuna ofizio bihurtzea...
Duela zortzi urte eman nuen izena Foru Aldundiko artisauen zerrendan. Behin nire lizentzia fiskala aterata, serioago hartu nuen. Duela zazpi urte hasi nintzen azoka garrantzitsuetan parte hartzen, eta, horien artean esanguratsuenean, Alcobendasko nazioarteko azokan. Gutxi gorabehera 50 artisau elkartzen gara, Italia, Alemania, Holanda eta Europako ia herrialde guztietakoekin batera. Lanak ikusgarriak izaten dira.

Baina zaila dago hortatik bizitzeko...
Europan ia osoan, AEBetan, Mexikon eta Argentinan tradizio handia dago, eta asko baloratzen da aiztogintza artisaua. Hemen aldiz gutxietsita dago. Iparraldera joan eta gustu oneko aizto eta labanen kultura oso zabala dago. Hemen, aldiz, ez dago interesik. Kontrakoa alderatu egiten dituzte produktu industrialekin eta oso garestiak direla esan. Horregatik ez naiz artisau azoketara joaten, ez baldin badira soilik aiztogintza eta labanagintzari buruzkoak. Adibide bat jartzearen, nik 130 euroan saltzen dudanaren antzeko aizto industrialak 70 balio ditu.

Santa Ana azokan izaten zarete...
Bai, baina herrikoa delako etortzen naiz. Besterik gabe. Baina ez dut saltzen eta ez du merezi. Bartzelona, Albacete edota Madrilera joaten naiz. Horietan, patrikan dirua eramaten duten bildumazaleak ibiltzen dira, arte lanetan dirua gastatzeko prest daudenak.

Nondik datozkizu zaletasuna? Zeintzuk izan ziren zure lehen pausoak?
Bitxia izan zen hasiera, apustu bat tarteko. Aurretik heldulekuak aldatzen nituen, aiztoak neure gustura jarri... Duela dozena bat urte, lagun ehiztari batzuekin Palentziara joan nintzen argazki batzuek ateratzera. Ehiztarietako baten lehengusua ezagutu genuen herrian, aizto eta labanak eskuz egiten zituena. Erakutsi zizkidan, politak ziren baina ez zitzaizkidan horren bereziak iruditu, hobetu zitezkeela uste nuen eta arlo askotan gainera. Narrua eta egurrarekin lana egina nintzen, letoia eta zilarrarekin ere bai, baina altzairuarekin sekula ere ez. Hori soilik falta zitzaidan. Eta berak esan zidan, “egin ezazu zuk bat, bi hilabete barru ez al zarete ba berriro etorriko?”. Erdi txantxetan hartu nuen, baina hemen jakin-mina jarri zitzaidan: ikertzen hasi nintzen, altzairuak eta aizto on bat egiteko zer behar den begiratzen. Bi aizto egin eta eraman nituenean aho zabalik utzi nituen. Han bertan saldu nituen eta begiak ireki zitzaizkidan. Pintura edo egur tailak artistikoki eman ez zidaten zerbait eman zidan. Gustatu zitzaidan.

Beraz zure kontura ikasi zenuen?
Nire kontura ikasi nuen. Autodidakta izan naiz. Gaur egun, internet dagoenetik oso erraza da hori. Baina orduan ez. Datu bitxi bat emango dizut. Nik gehiena ikasi dudan lekua, aiztogintzako foro argentinar batean izan da, duela bost urte. Artisauen erara aizto bat egiteko tutoretza zintzilikatu nuen, 250 argazki zituen. Bost urtean 110.000 bisita izan ditu eta kopurua gora doa. Gero beraiek bultzatuta nire lehen liburu bilakatu zen lan hori.

Eta gero beste bi idatzi dituzu...
Hiru liburu idatzi ditut. Aipagarria da, azken bi liburuek 1.200 argazki baino gehiago duela bakoitzak. Argazki gehienak, eskumako eskuarekin eginak daude, ezkerrekoa lanean zen bitartean. Nire semeak eta Jose Mari Berasarte adiskide minak ere lagundu didate argazkiak ateratzen. Hau ere herriko aiztogilea da, baina gogoa galdu du eta azkenaldian geldi dago. Baina espero dut berriro hasiko dela. Berasarte da nire ikaslerik onena. Bere tailerrean propanozko labe bat daukagu altzairua lantzeko. 1.400 gradura berotu daiteke. Bera artista da, estetikari ematen dio garrantzia. Nik, aldiz, funtzionaltasunari edo erabilgarritasunari.

Zure kontura hasi eta artisauen buru izan zara gerora...
Duela lauzpabost urte, sortu genuen Ferro Azul artisauen elkartea, eta iaz Espainiako Aiztogileen Elkartea Alcobendasen. Bietan naiz lehendakari.

Zeintzuk dira bere zeregin eta helburuak?
Batez ere kontrola, artisautza bultzatzea eta enpresa, beste aiztogile eta abarrekin hartu-eman asko edukitzea, baita beste herrialde batzuetakoekin ere. Aiztogintza sustatu eta seriotasuna eman nahi diogu: Azokatan erakusteko orduan errespetatu beharko diren arauak sortu. Aiztoak eskulangileak eginak badira bere izena jarri beharko du, artisauak identifikazio-txartela izango du eta erabilitako materialen kalitate-ziurtagiria ere bai. Guzti horri esker eskulangilea orain arte baino serioago ikusten da gaur egun. Garaje batean aizto txiki bat egiten duen aiztozalearengandik urruntzen saiatzen gara, eta gurea askoz ere serioagoa dela erakusten saiatu.

Altzairu eta materialak ikertu dituzu zuk?
Urte askoan material ezberdinak probatu ditut. Eta azkenean lortu dut nire ustez nik egiten dudan produktuarentzat egokiena den altzairu mota. Gama handiko 4-20 altzairua erabiltzen dut, ezaugarri kimiko bereziak ditu: tolesteko ahalmen handia du, oso ondo ebakitzen du eta ez da berehala kamusten ez herdoiltzen. Alde batetara edo bestera indarra egin arren ez da puskatzen eta bere lekura itzultzen da.
Cesar Bozal aiztogilea.

Heldulekuak eta zorroak egiteko zenbait material erabiltzen dituzu?
Naturalak ditut gustukoen, oro har, hezur, adar eta abarrak. Dena den, gerora hauek arazoaren bat eman dezakete eta sarri egonkortutako materiala erabiltzen dugu. Egurrari erretxina injektatu eta bere ezaugarriak mantentzen ditu, baina plastifikatua geratzen da eta ez dauka hondatzeko arriskurik.
Zorroa 3-4 mm zabalera duen behi-larruarekin egiten dugu normalean. Ia beti eskuz jositakoa izaten da.

Feriatan ibiltzen zara, Zein da merkatuaren egoera?
Nik salmentetan hobera egin dut azken urteotan. Azoketan gero eta ikusle gehiago dabil eta ez da salmenten jaitsiera handirik nabaritu. Nire ustez ez dira produktu garestiak. Gero eta ezagunagoak dira eta ikusle asko izaten da. Europako herrialde esberdinetatik etortzen baldin badira nabari da saltzen dutela.
Ferietan aizto eta laban oso bereziak saltzen dituzue...
Bai, bakarrak dira, ez dago beste berdinik. Urtero bide bat aukeratzen dut eta eredu bat segi. Ez dira berdinak izaten baina denek ildo edo norabide berbera dute. Eskuz mozten direnez ezinezkoa da berdinak izatea, baina antzekoak bai.

Denda jarri duzu eta zure marka ere badaukazu...
Bai, BG, Bozal German abizenak dira. Horrekin sinatzen ditut nire aiztoak. Gaur egun, denbora gehiago izan nahiko nuke aiztogintzan aritzeko, baina azken finean jan egin behar da, eta jaten ematen didatenak, oinetakoak eta giltzak dira. Ez aiztoak. Saiatzen naiz lanik ez dudanean aiztoak egiten, izan ere, martxoaren 15ean Alcobendaseko nazioarteko azoka da eta saiatuko naiz 20 aizto eramaten. Baina zaila izango da, horretarako larunbat eta igandetan lan egin beharko nuke, goiz eta arratsaldez, eta eguerditan korrika bazkaldu eta lanera etorri.

Zenbat denbora behar duzu aizto bat egiteko?
Aiztorik soilenak egun batean egin daitezke. Txikiak, luzeran gehienez 17-18 zentimetrokoak eta narruzko zorro bat, 8 bat ordu. Hortik aurrera nahi duzun guztia luzatu zaitezke eta nahi beste ordu pasa, besteak beste, helduleku eta zorroan grabatuak egiten, horiek egiteko material eta modu ezberdin eta abarretan.

Hori nabarituko da azken salneurrian?
Bai, baina arazo handi bat bada, salneurri eta orduek ez dute lotura logikorik, alegia. 8 ordutan egindako aizto batek 125 euro balio badu ere, 64 ordutan egindakoa ezin da 1.000 eurotan saldu. Pentsaezina da hori. Horregatik, joera denbora murriztekoa da, erosleak ez duelako hori estimatzen. Ordu horiek baino gehiago baloratzen dute materiala. Aizto batean heldulekua egurrarekin egindakoa izan beharrean hezurrarekin egina bada, 25-50 euro gehiagotan saldu dezakezu, nahiz eta hezurrak edo zurak berdina balio.

Zure markako aiztoak jada ezagunak al dira?
Bai, nabari da bezeroek marka ezagutzen dutela, azokatan konturatu eta aldatu egin dudala esaten didate eta. Hasi nintzenean B bat zena, gero Jose Mari Berasarterekin elkartu eta bi B bilakatu zen, bion abizenaren iniziala, bakoitza alde batera begira, tximeleta itxurako zerbait, eta gero ni jada profesionalizatu nintzenean, duela bizpahiru urte BG bihurtu zen.

Bigarren eskuko merkaturik izaten al da?
Bai, interneteko foroetan egoten dira salgai. Eta web orrialde horietan aizto baten argazkia erakutsi eta batzuetan erosteko eskaintzak jasotzen dira.

Nola ezagutu zineten Lasarte-Oriako bi aiztogileak?
Berasarte eta biok lagun handiak gara. Bitxia da nola ezagutu ginen duela 8-10 urte. Navarro aizto-dendan esan omen zioten nik aiztoak egiten nituela eta etxera deitu zidan. Bera harakina zela, aiztoak “tuneatzen” zituela, eta gehiago ikasi nahi zuela. Esan nion ez nuela eragozpenik erakusteko eta adiskide handiak gara ordutik. Jose Marik garai baterako utzi egin du aiztogintza, baina seguru nago itzuliko dela.

Biok tradizio bihurtu duzue Santa Anako azokan sukaldari ezagunei aizto bat oparitzea...
Bai, ea aurten Argiñano etortzen den. Hori da gure asmoa. Jarri gara hartu-emanetan.

Dendan denetarik daukazu, ezta?
Aiztogintzaren aldetik, aizto industrialak saltzen ditut eta baita artisauenak ere, bai nik egindakoak eta baita beste artisau batzuek egindakoak. Eta horrekin batera, aizto, guraize eta zorroztu daitekeen edozer zorrozten dut. Labanak ere badauzkat saltzeko.

Aukeraketa on bat egiten duzu?
Ni aiztogintzan hasi nintzenean, batzuek probatu nituen. Lasarte-Oriako bezeroentzat saltzeko moduko aiztoak begiratzen hasi nintzen, ona, polita eta merkea topatzeko. Zenbait markatako aiztoak erosi eta probatu nituen, eta 3claveles aukeratu daukan salneurri eta kalitatearengatik. Alemaniako aiztoen erdia baino gutxiago balio dute eta altzairuen ezaugarriak ia berberak dira. Han marka saltzen dute.

Liburuak idazten ditudanean gauza bat behintzat oso argi daukat, irakurri gabe ezin hobeki ulertu behar dela.


Hiru liburu idatzi dituzu?
Bai hirurak dira aiztoak egiteko tutoretzak, aizto edo labana nola egin erakusten dute. Lehenengoa izan zen zailena, ideiarik ere ez nuelako. Inprenta batean egin nuen lan urte askoan, eta beraz maketazio eta argazkien tratamendua ez zitzaidan zaila egin, baina bai editoriala topatzea, liburua argitaratzeko interesa duen norbait aurkitzea.
Hemen inguruko argitaletxeek dena beraientzat hartzen zuten, eta liburuaren jabetzaren kontrola galtzea zen gehiena amorrarazten ninduena.
Liburua bukatu eta hilabete batzuetara azaldu zen Madrileko editorial bat interesatua. Liburua ateratzea zen nire nahia, nahiz eta argitaletxeak adarra jotzen jarraitzen duen. Dena den, ordutik argitaletxeak barra barra hurbildu zaizkit, eta horrela, bigarrena argitaratzeko bi dei nahikoa izan ziren. Hirugarrena are errazagoa izan zen eta, orain, laugarrena idazten ari naiz.

Lehenengoa gidaliburu bat zen, ezta?
Bai, hainbat gauza azaltzen zituen, zein eratako altzairuak dauden, nola hazi zerotik, nola heltzen zaion xafla bati, nola markatu, nola moztu eta probatu kartoian, nola pasa adibide hori altzairura, nola moztu altzairua, non egin zuloak eta abar.

“Artes del filo con amigos” izan zen bigarrena...
Artisau asko ezagutzen ditut eta nik bakarrik egin beharrean, haiekin batera egin nuen. Bakoitza aiztogintzaren arlo batean nabarmentzen da, batek ondo lantzen du altzairua, beste batek helduleku bikainak egiten ditu edo beste batek zorro ikusgarriak. Eta esan nuen nirekiko: “Zergatik ez dut jasotzen informazio guzti hori?”. Horrela, batetik, baneukan artisau horien lanaren aitortza egiteko gogoa, eta, bestalde, aukera ematen zidan aurreko liburua osatzeko. Nik idatzi banu, errepikatzeko arriskua neukan.

Eta hirugarrena labanei buruzkoa...
Falta zen liburu bat da, AEBetan, horrelako liburuak idazteko joera duten tokian, ere ez dago. “Anatomía de 5 corazones de herramientas de corte plegables (Las navajas)” ere, gidaliburu edo tutoretza bat da: bost bihotzez hitz-egitean, bost laban desberdinez ari naiz. Labanen desberdintasun nabarmena normalean, zabaltzeko eta ixteko mekanismoetan izaten da eta ixteko bost era desberdin dauzkaten labanak aztertzen ditut. Marrazki, argazki eta testu guztiak nireak dira: labanaren jatorria eta bere ezaugarriak, labana osatzen duten zatien izen eta marrazkiak, eta hasiera hasieratik labana egiteko prozesu osoa azaltzen dut argazkien bidez.
Liburuak idazten ditudanean gauza bat behintzat oso argi daukat, irakurri gabe ezin hobeki ulertu behar dela. Hortik aurrera interesa duenak irakurriko du. Horrela laban soilenetik hasi naiz, eta liburuan aurrera egin ahala, gero eta mekanismo zailagoak azaltzen ditut. Dena eskuz egina dagoela ondo ikusten da.

Labana ondo saltzen al da?
Gutxiago saltzen dut, gutxiago egiten ditudalako. Labana da zortzi aldiz lan gehiago eman eta zortzi aldiz garestiago saltzerik ez dagoena. Gutxi egiten ditut eta egiten ditudanak norbaitek eskatuta: ezaugarri jakin batzuek dituen labana nahi badu eta salneurria adosten badugu egingo diot.

Eta laugarren liburua?
Aiztogintzaren “liburua” idatzi nahi dut eta formatutik hasita ia dena aldatuko dut. Bigarren liburuan egin nuena egingo dut gutxi gorabehera, hau da, zenbait artisauen berri eman, baina nazioarte mailan. Gidaliburua idatziko dut, baina askoz ere zabalago eta osatuago, eta gainera, aizto-enpresa, interneteko foro eta abar sartuko dut. Denetarik izango du, nahiko nuke, tresna garrantzitsu bat izatea.

Nondik ateratzen duzu denbora?
Ez dagoen tokitik, etxera heldu, afaldu, jaso eta ordenagailua hartzen dut hanka artean. Batean, argazkiak txukundu, bestean testu bat idatzi... oraindik lan asko daukat egiteko. 400 bat argazki egin ditut jada, baina gutxi da hori. Nazioarte mailako artisau handiekin jarri naiz harremanetan, eta nahiko nuke horiek parte hartzea. Bide bat egiten ari naiz eta uste du animatuko direla.

Aurreko liburuek zer nolako harrera izan dute?
Lehenengo biek oso ona, batez ere lehenengoak. Ez zegoen munduan aizto bat eskuz egiteko prozesua azaltzen zuen libururik. Lehenengoa izan zen eta harrera oso ona izan zuen. Bigarrena bila ibili gabe etorri zen, lehenengoa ikusi zuenak bigarrena nahi zuen. Artisau oso interesgarriak ateratzen dira.
Argitaletxeei liburu batzuek eskatzen dizkiet, ez dirurik, ez beste ezer. Gero ahal bada liburu horiek saldu egiten ditut azoketan. Horrekin etekina ateratzen diet liburuei, txikia noski, daukaten lan handiarentzat. Azokatara jende asko etortzen da liburu-dendan erositako liburuarekin sinadura eskatuz.

Zer desberdintasun dago aizto on batetik txar batera?
Aizto on bat da bere funtzioa betetzen duena, hau da, horretarako diseinatua bada eta horregatik erosi baldin baduzu, zeregin hori bete dezala. Eta txarra da funtzio hori betetzen ez duena.

Aizto merke asko erosten da?
Bai, etxekoandre askok ekartzen ditu bi euroko aizto txarrak zorrozteko, gizonek ez hainbeste. Bi euro eta erdiko aizto onak, berriak eta zorrotz zorrotzak, eskaintzen dizkiet eta ekarritakoa zakarrontzira botatzeko esan. Aho zabalik geratzen dira. Berria erostea merkeago aterako zaio zorroztea baino. Denda txinatarrek min handia egiten ari dira. Maila askotan.

Ez dago artisauek egindako aiztoak erosteko ohitura handirik?
Bai, badira batzuek. Hemen inguruan bildumazaleren baten nik egindako gutxienez hamar aizto badauzka. Gutxi dira, baina badira aizto batzuek dauzkatenak. Hainbat diseinu ezberdin eta berezi dauzkat, aizto bat oso arina, eta beste bat aiztoen arazo txikiei erantzuten diena. Zorroak ere era askotakoak, etzanda edo zutik eramateko modukoak. Egurra zizelkatuz aiztoak erakusleihoan jartzeko animalien tailak egiten ditut eta aiztoen heldulekuak egiteko, batzuetan soka, zapiak eta erretxinen nahasketa erabiltzen dut, edo bestela, zezenen adarrak, egurra, marrazoen narrua...
Zilarrarekin egin dut lana tarteka. Duela gutxi eskatu dit Jerezko neska batek ebanoz eta zilar printza batzuekin laban bat egiteko. Bera urregilea zen, orfebrea, utzita dauka, eta zilar puska batzuek bidaliko dizkit.