Martxoaren 8a dela eta udal adierazpena

Txintxarri Aldizkaria 2013ko mar. 7a, 18:21

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta Lasarte-Oriako Udalak "gizon eta emakumeen arteko benetako aukera-berdintasuna lortzeko lanean aritzeko" duen konpromisoa azaldu nahi izan du publiko egindako adierazpenean.

Emakumeen Zentro Zibikoan jarri dute pankarta.
Horrela "Aldaketa-garaia bizi dugun Euskal Herrian. Aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko garaia. Emakumeak aldaketa horren subjektuak izan daitezen, politika feminista garatzea ezinbesteko konpromisoa da".

Honen bidez adierazten dute Lasarte-Oriako udalak bultzatuko duen politika feministak honako hauek izango dituela kontuan:

"Emakumeok jasaten dugun zapalkuntza egiturazkoa da. Hau da, jendartearen egituraren emaitza da, eta antolaketa ekonomikoan, politikoan eta ideologikoan uztartuta dago. Egiturazkoa da, patriarkatua erabat errotuta dagoelako gure jendartean eta antolaketa-eredu hori sistema kapitalistaren ezinbesteko zutabea delako.

Udaletan garatu nahi dugun Politika Feministak estrukturala den arazo bati erantzun nahi dionez, ezinbestean politika integrala izan behar du, emakumeen bizitzaren arlo guztietan eragin behar duelako.

Politika feminista emakumeon eskubideetan oinarrituko da. Beste herri-eredu baten eraikuntza dugu helburu. Hau da, gizon eta emakumeen arteko harreman-eredu berri bat eraiki nahi dugu.

Politika feministak emakumeen gidaritza eta parte-hartzea bilatuko du. Politika horren definizioa mugimendu feministarekin eta emakume-taldeekin egin behar da. Horien parte-hartzeak politika feminista erreala definitzea ahalbidetuko du.

Espezifikoki landuz baina zeharkakotasuna ahaztu gabe martxan jartzen ari garen proiektua oinarri feministetan egituratuko dugu, eta ikuspegi feminista kontuan izango dugu gure herrian sortzen ditugun politika guztietan.

Bukatzeko, Lasarte-Oriako Udalak mugimendu feministak antolatuko dituen ekimen guztietara joateko deia luzatu nahi die herritar guztiei.

Asko dugu egiteko eta asko dugu ikasteko. Politika feminista gure herrian marrazten ari garen aldaketa politiko eta sozialaren izarra bihurtu behar dugu".

Hau da gaur goizean Lasarte-Oriako Bilduk bozeramaileen batzordean aurkeztu duen adierazpena eta aurrera atera dena udaletik jakitera eman dutenez.