Landaberri BHI saritua

Txintxarri Aldizkaria 2013ko martxoaren 8a

Hezkuntza sailak “Kalitatea hezkuntzan” jardunaldiak antolatu ditu astelehen eta asteartean Bilboko EHU-n. Hasiera ekitaldian Euskadiko zazpi ikastetxeeri Kalitatezko “K” saria eman zieten ikastetxeetan egindako lanarengatik eta horietako bat Lasarte-Oriako Landaberri BHI ikastola

Landaberri BHI-ko Julen Ollokiegi eta Marijo Murua saria eta ziurtagiria jasotzen.
Landaberri BHI ikastolako arduradunak oso pozik daude. Urteetako lan nekezaren ostean, kalitatezko ziurtagiria lortu dute. Astelehenean, martxoaren 4an, “Kalitatea Hezkuntzan” jardunaldien harrera ekitaldian jaso zuten saria Bilboko EHU-ko areto nagusian.

Landaberri BHI-ko Marijo Murua zuzendariak eta Julen Ollokiegi kalitate arduradunak Iñigo Urkullu lehendakaria, Begoña Garamendi Beriztapen Zuzendaria eta Kristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren eskuetatik jaso zituzten “K” saria eta ziurtagiria.

Sei urteko prozesua
Euskadiko ikastetxeek haien hezkuntza kalitatean egindako lanarengatik eskuratu dezakete ziurtagiria. Aurten zazpi ikastetxe izan dira sarituak eta horietako bat Landaberri BHI izan da.
Landaberri BHI-ko arduradunek azaldu digutenez, saria lortzeko prozesu luzea jarraitu eta auditoretza bat pasa eta gainditu behar izan dute. 2007-08 ikasturtean Landaberri DBH ikastetxeko arduradunek “Kalitatea Hezkuntzan” izeneko proiektuari heldu zioten.

“6 urte daramatzagu kalitatezko zigilua lortzeko. Lan luzea izan da: antolamendua eta funtzionamendua modu iraunkorrean ezarri, harrera plana zehazten, ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuak definitu... ” aipatu digu Ollokiegik. Horretarako beste ikastetxeek egindako lanak ikertu eta sistema desberdinak aplikatu dituzte.

Eta lan honi jarraipena emateko hobekuntza etengabeko prozesua martxan jarri dutela ere azpimarratu du, “ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuetan hausnarketak eginez, egindakoa errebisatuz eta hobetuz, gure praktika eta aurretik adostuta dagoenaren artean koherentzia zainduz, azken finean gure eskolaren funtzionamendua etengabe hobetu nahian”.