“Sentitu, pentsatu, ekin!” saioaren grabaketa eta elkartasun jaialdia

Txintxarri Aldizkaria 2013ko mar. 8a, 10:34

Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsentzat urte berezia da aurtengoa. Hogeita bost urte igaro dira jada sudur gorriak eta zapata handiak jantzi eta herriz herri euskara eta alaitasuna zabaltzen hasi zirenetik. Bizitako abenturak ospatzeko disko sinfonikoa grabatu zuten pailazoek Euskadiko Orkestrako musikarien laguntzaz. “Sentitu, pentsatu, ekin!” lanean urte hauetan bildutako abestien aukeraketa aurki daiteke.

Baina honetaz gain, ikuskizun berezia ere prestatu zuten, Euskal Herrian zehar aurkezten ari direna.
Bira honetan, pailazoek jakitera eman dutenez, ez dira bakarrik egon, Lasarte-Oriako bi taldetako kideak Dinbi Banda batukada eta Kukuka antzerki eta dantza eskolako bi ikasle talde izan dira Iruñeako Anaitasuna kiroldegian, Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian, Barakaldoko BECen eta Donostiako Kursaal-ean.

Eta bi talde hauek “Sentitu, pentsatu, ekin!” ikuskizunaren grabaketan izango dira martxoaren 16an, Tolosako Leidor antzokian. Kilometroak-en aldeko ekimenen barne pailazoek bi saio egingo dituzte eta honetaz baliatuz emanaldia grabatuko dute.

Elkartasun jaialdia
Baina lehenago hitzordu garrantzitsua izango dute Lasarte-Orian.
Bihar, martxoaren 9an, Aitor Landa haurraren alde antolatutako elkartasun jaialdian, “Sentitu, pentsatu, ekin!” ikuskizuneko bi emanaldi eskainiko dituzte Manuel Lekuona Kultur-Etxean.
Aitor Landa herritarrak garuneko paralisia du eta egun Galiziako zentro berezi batean dago tratamendua jasotzen. Emanaldietan bildutako dirua Aitorren gurasoei tratamendua ordaintzen laguntzeko izango da.
Oraingo honetan gainera Kukuka-ko dantzariekin batera Jalgune-ko lagunek parte hartuko dute oholtza gainean elkartasunari haien ekarpena eginez.Azken sarrerak Manuel Lekuonan daude salgai. Era berean, bertara hurbildu ezin direnek edo ekonomikoki lagundu nahi dutenek kontu korronte berezi bat dute haien ekarpena egin ahal izateko: 2101-0048-21-0128308954.