“Zaintzailea zaindu behar da”

maider-azurmendi 2013ko mar. 8a, 10:35

Gizarte Zerbitzuetatik hurbileko senitartekoekin zaintza-lanak burutzen dituzten herritarrentzat "emozioen kudeaketa" ikastaroa antolatu zen otsailean Arantza Sein psikologoarekin eta apirilean berriz errepikatuko da. Honetaz gain, herrian orain bi urte zaintzaileentzako laguntza taldea osatu zen Gizarte Zerbitzuetan Aldundiaren Sendian egitasmoaren baitan eta Arantzak gidatzen du honen jarduna hasieratik. Talde honetan senideen zaintzan dabiltzan pertsonek euren egoera berean dauden herritarrekin batera esperientziak, arazoak, pozak elkarbanatzen dituzte.

Zaila da zaintzaile izatea. Askotan bakarrik sentitzen dira, senidearen gaixotasuna eta emozioen gora beherak kudeatu behar dira egunerokoan eta lan honetan ez etsitzeko, beharrezkoa da psikologoaren ustetan ahalik eta tresna gehien edukitzea. Zaintzailea informatuta egotea funtsezkoa da baita ingurukoen babesa eduki eta sentitzea.

Udalak “Emozioen kudeaketa” ikastaroaren arrakasta ikusita, bigarrena antolatu du. Apirilean izango da eta bi orduko lau saio izango ditu.

Emozioen kudeaketa ikastaroa bigarrenez egingo da. Zergatik uste duzu arrakasta izan duela?
Beno hasteko kontutan izan behar da emozioak gure parte direla eta hauekin bizi izan dugula beti. Baina hauek ezagutu eta kudeatzen jakin beharko genuke eta tresnak nahi ditugu horretarako.
Kasu honetan pertsona dependenteen zaintzaile diren neurrian, pertsona hauen emozioak ezagutzeko tresnak nahi dituzte, eurekin nola jokatu jakiteko.

Nola kudeatu behar dira emozioak?
Ikastaro honetan zaintzaileak direnez badaude komunak diren egoerak. Adibidez gaixotasun baten diagnostikoak urduritasuna eragingo du zaintzen dugun pertsonan, sintoma berriek ere beldurrak eta antsietatea, ezintasunak eragingo ditu gaixoan eta horrek emozionalki eragin handia izango du, triste egongo da, haserre agian bere buruarekin hainbat gauza egin nahi eta ezin duelako…
Arazo horien aurrean hartu beharreko jarrerak zaintzailearentzat erronka bat dira eta malguak izaten ikasi behar dute. Oso ohikoa da zaintzaileak pentsatzea dena ondo egin behar duela eta hori burutik kendu behar zaio. Zaintzan, egoera batzuetan hanka sartzea normala da, inork ez digu esan nola zaindu behar dugun gure senidea. Gainean hartu den ardura bat izaten da normalean egoera hala suertatu delako eta akats horietatik asko ikas daitekeela kontutan izan behar da.

Ondo kudeatu ezean zer?
Blokeoa. Sustatu behar da zaintzailea aktibo izatea, gauza berriak probatzea.
Adibidez erabakitzen denean eguneko zentro batera eramatea gure senidea, beldur asko egoten da, “ondo zainduko dute? ondo egongo da han? zer esango dute nitaz bizilagunek?” Burutik gauza asko pasatzen zaizkio zaintzaileari eta animatu behar zaio erabakietan. Aktibo izan behar da, esan bezala, gauza berriak, jarrerak, frogatzera bultzatu. Gaizki ateratzen bada ere, ikasiko dugu eta pixkanaka definitzen joango gara senidearekin egin beharreko bidea zein den.

Aldi berean errealitatearen kontzientzia hartu behar du zaintzaileak, gaixotasunaren faseak zeintzuk izango diren ezagutu, informazioa eskatu eta esperientzia hori bizi izan dutenen testigantzak baliatu. Zaintzaileak ondo ezagutu behar du datorkiona.

Zaintzaile lana emakumeen eskuetan uzten da gehienetan zergatik uste duzu?
Bai, zaintzailearen perfila mantentzen da, emakumeak dira nagusi eta 45-65 urte artekoak. Bikoteen kasuan berdindua dagoela esan daiteke, gizonak zaintzen du emaztea eta alderantziz.
Azken urte hauetan egia da perfila pixkat aldatzen ari dela. Badira gizonak euren amen edo aiten zaintza hartu dutenak eta orain langabezia medio, emakume zein gizon geroz eta gazteagoak dira senide gaixoen zaintzan dabiltzanak.

Zeintzuk izaten dira zaindu beharrekoen gaixotasunak?
Bi multzo nagusi daudela esan daiteke. Batetik pertsona zaharrak, fisikoki oso mugatuak daudenak eta 24 ordutako zaintza eskatzen dutenak eta bestetik, dementziak.

Bigarren multzo honetan adinak ez dauka zerikusirik eta jende gazteagoa dago. Horregatik zaintzaile lanetan alaba gazteagoak daude edota jubilatzeko adina dutenak.

Herrian bi urte dira laguntza taldea dagoela zaintzaileentzat. Zer lan egiten duzue?
Ikastaroko ardatzak lantzen ditugu modu sakonagoan. Taldea bi astetik behin elkartzen da Villa Mirentxun eta oso aberasgarria da bertan egiten dugun lana.

Taldeko kideen inplikazioa handia da. Jendeak uste du gure penak kontatzeko elkartzen garela baina ez da horrela. Askotan egiten dugu negar baina ondo pasatzen dugu ere eta batez ere informazioa trukatzeko gunea da. Zaintzaileak gainean daraman karga, motxila husteko gunea ere bada. Hemendik lasai ateratzen dira, indarrarekin beste bi asteri aurre egiteko.

Talde hauetan parte hartzeko urratsa ematea oraindik jende askori kostatzen zaio. Lotsa ematen die berea herritar ezezagun talde baten aurrean azaltzea, gizarte zerbitzuetara etortzea… baina tresna baliagarri bezala ikusi behar da eta noski talde kideek errespetuz jokatzen dugu beti, konfidantzaz.

Denen arazoak lantzen dira azkenean, Lasarte-Oriako taldean oso dinamika, harreman ona lortu da eta badakit hemendik kanpo ere gelditzen direla.

Doluari ikastaroan saio oso bat eskaintzen zaio...
Funtsezko gaia da eta landu beharrekoa. Dolu mota desberdinak daude baina bi dira nagusi eta hauen baitan fase ezberdinak bizitzen dira. Zaintzaileak presente izan behar du bere bizitza aldatuko dela senidea hiltzean.

Hala ere, bi dolu mota nagusi daude. Batetik dementziak daudenean dolua gaixoa bizirik dagoenean pairatzen du familiak eta zaintzaileak, gaixotasunaren eraginez pertsonaren gainbehera etengabekoa da eta egoera asko luzatu daiteke denboran. Hori kudeatu behar da etsipenean eta depresioan ez erortzeko.
Bestetik, dolu klasikoa, gaixoa hiltzen denekoa. Honetan eragin handia du inguruak, familiaren babesa izatea funtsezkoa da.

Zaintzaileek egoerarekin amaitzeko gogoa izaten dute momentu askotan baina aldi berean gaizki sentitzen dira maite duten horren heriotza desiatzen dutelako nolabait. Sentipen hau lantzen dugu, normala da bukatu nahi izatea, maite dutena gaizki ikusten dute eta euren bizitza berreskuratu nahi dute.

Hil ondoren zer?
Ba fase berri bat da. Batzuetan taldera etortzeko beharra sentitzen dute batzuek. Babesa behar dute euren bizitza berreraikitzeko. Bakoitzak bere denbora behar du eta normalean egia da taldean ibili den jendeak hobeto eramaten duela galera, landuta dute eta falta sumatu arren, gogoz ekiten diote euren bizitzako fase berriari.

Egunerokoan zaintzaileak zaindu behar direla ahaztu egiten da?
Bai guztiz, zaintzailea zaindu behar da. Kontutan izan behar da askotan anai-arrebak daudenean batez ere, badagoela joera zaintzaren ardura ezkondu ez denak, lanik egiten ez duenak, gurasoen etxean gelditu denak hartzea badirudi horien atzean frakaso txikiak daudela eta ondorioztatzen dute “nik bakarrik balio dut nire gurasoak zaintzeko”. Ideia hau oso zabalduta dago zaintzaileen artean eta erakutsi behar zaie ez dela horrela. Edozein ez da senideak zaintzeko gai eta ondo ari direla gogoratu behar zaie.
Beharrezkoa da zaintzaileak oreka emozionala mantentzeko gai izatea.

Zer esango zenieke zaintzaileei taldean parte hartzeko?
Aipatutakoa, taldeak babesa ematen du, informazioa. Bertan ulertuak sentituko dira eta besteen esperientziatik ikasi ahal izango dute. Taldean bakarrik ez daudela sentituko dute.
Kide berriak onartzeko moduan gara eta gizarte zerbitzuetara etorrita emango zae informazio guztia.