
Felixi Tapia, Haizea Bravo eta Iker Elizegi Lasarte-Oriako autoeskoletako arduradunekin, Imanol Diaz, Vanesa Santamaria eta Ana Mugica.
Lasarte-Oriako Euskara batzorde burua Boris Nogales, egitasmoan parte hartzen duten autoeskoletako arduradunak eta Haizea Bravo eta Iker Elizegi sarituak izan ziren bertan. Saioa Gomez irabazleak ezin izan zuen sari banaketan egon kanpoan lan egiten duelako eta bere amonak Felixi Tapiak jaso zuen saria.
Zozketa
Buruntzaldeako hamaika autoeskolatan gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen dute eta Lasarte-Orian hiru autoeskola dira, Mugica, Lasarte eta Izarra autoeskola.
Hiru autoeskola hauetan 2012. urtean euskaraz azterketa gainditu zutenen artean, zozketa egin zen otsailaren 7an Andoaineko Udalean eta Haizea Bravo, Iker Elizegi eta Saioa Gomez izan ziren 400 bat euroren irabazleak.
Kopurua handitzen
2010. urtean jarri zen martxan “Gidabaimena euskaraz” egitasmoa.
Buruntzaldeako Udalek 2009-2010 ikasturtean diru laguntzak bideratu zituzten autoeskolek behar zuten materiala euskaraz argitaratzeko eta horrela ekimenarekin bat egin nahi zuten autoeskolak materialarekin hornitu zituzten.
Ondoren “Semaforo berdea! Gidabaimena euskaraz” kanpainari ekin zioten Udalek eta urtetik urtera gidabaimena euskaraz ikasten duten gazteen kopurua bikoizten doa, baita azterketa gainditzen dutenena ere. 2010. urtean 34 ikaslek azterketa teorikoa euskaraz gainditu bazuten ere, 2011ean 60 izan ziren eta 2012an 113 ikasle.
Euskaraz egiteko erabakia
Lasarte-Oriako “Gidabaimena euskaraz” egitasmoko irabazleen iritzia eta esperientzia jasotzeko aukera izan dugu sari banaketa baino lehen.
Gidabaimena euskaraz ateratzeko orduan haien ikasketak euskaraz egin izana edo euskara haien ama hizkuntza izatea lehenetsi dute arrazoi bezala.
“Ikasketa guztiak euskaraz egin ditut eta azkenean ez neukan horrelako beldurrik ere,” onartu du Haizea Bravok.
Saioak berriz, “nik euskaraz egin nahi nuen eta autoeskoletan galdetu nuen. Nire ama hizkuntza da eta aukera zegoenez egin nuen,” aipatu digu.
Itzulpenarekin arazoak
Hala ere, hitz teknikoak ulertzeko arazoak izan zituztela adierazi digute.
“Bazeuden hitz batzuk ez zirenak ongi ulertzen” aipatu du Ikerrek.
“Kontzeptuak baino, galdera batzuk idatziak zeuden erarengatik zailak ziren ulertzen. Ez zeuden ongi idatziak eta autoeskolakoei zer esan nahi zuen galdetu behar izan nien,” onartu du Haizeak.
Saioa haratago doa, “itzulpen txarra zen, sintaxia eta morfosintaxia ez zen egokia. Gauza batzuk eskematikoki daude azalduak eta lexikoa ez da normalizatua, berebila bezalako hitzak daude. Gainera, on line egiteko aukera dago, baina argitaletxe bakoitzak hitzak bere erara ditu itzuliak. Nahiz eta euskara nire ama hizkuntza izan, nahiko lan izan nuen esaldiak ulertzen”.
Azterketan ustekabekoak
Honetaz gain, azterketa teorikoa egiterako orduan ezusteko tekniko batzuk izan zituztela aipatu digute.
“Azterketara iritsi eta guztiak sartu ziren. Ni bakarrik geratu nintzen eta nirekin batera, beste neska bat geratu zen kanpoan. Orduan, berak Haizea nintzen galdetu zidan eta euskarazko azterketa oraindik iritsi ez zela azaldu zidan,” aipatu digu Haize Bravok.
Ikerrek ere “ordenagailuz egin behar genuen baina ez zegoen wifi-a eta azkenean paperean egin behar izan genuen. Azterketa erdian, berriro ere, ordenagailuetara pasa nahi gintuzten eta ezetz esan behar izan genuen,” aipatu digu.
Saioa Gomezek berriz, “bigarren aukeran atera nuen eta horretan, eskuz egin behar izan nuen azterketa. Liburua ia buruz nekien eta galdera batean nahiz eta erantzuna zein zen jakin dudak izan nituen erabilitako hizkuntza eta morfosintaxia zirela eta,” adierazi digu.
Lana egiteko
Horregatik, Saioa Gomez herritarraren ustez, arlo honetan euskararen normalkuntza lortu nahi izanez gero lan asko dago egiteko.
“Azterketan dauden pertsonek ez dakite euskaraz eta haiei ere dudak gazteleraz galdetu behar dizkiozu. Azterketa praktikoa ezin da euskaraz egin, euskaraz dakien aztertzailerik ez dagoelako. Biak euskaraz egiteko aukera egon beharko litzateke. Eta horretarako ahaleginak egin beharko lirateke,” aipatu digu.
Hala eta guztiz ere, oztopoak oztopo, hirurek gidabaimena euskaraz ikastera animatzen dituzte herriko gazteak.