“Lagunartean egin dugu diskoa”

jon-altuna-iza 2013ko martxoaren 8a

Oreindik rock taldeak ia urtebete egin du jo gabe, beraz, gogo handiarekin dira Jalgin larunbat gauean diskoa aurkezteko eta udan kontzertuak eskaintzeko. Zarautz, Andoain, Donostia eta Lasarte-Oriakoak dira Oreindik-eko kideak, baina Lasarte-Oriako taldea dela esaten dute, Sasoetan elkartzen direlako, Makulu Ken taldearekin batera darabilten lokalean, eta, lehen kontzertuak hemen eman zituztelako: Itoitz taldeari eskainitako kontzertua Jalgin 2009ko sanpedrotan eta Oreindik izenarekin Abend-en 2009ko abenduan VIII. Multimusikalaren barruan. Jokin Telleria bateria jolearekin hitz egin dugu taldearen lehen diskoari buruz.

Oreindik taldeko kideak duela ia urte bete hasi ziren Sasoetan disko berria prestatzen. Grabaketa ere lokalean egin dute, Jokin Telleriak azaldu digunez, “lasaitasunez, oso mantso, baina aldi berean oso gustura”, abuztuan hasi eta abendura bitartean. “Guk egin dugu dena, merke eta sekulako soinua dauka” esan digu bateria-joleak.

Berdinelite izen bitxia da disko berriarentzat?
Abesti baten izena da. Asmatutakoa. Gizartea kritikatzeko modua da: Gizarteak, berez, jendea sailkatzeko, identifikatzeko eta kontrolatzeko ohitura dauka, hau da, ezberdinak direnak, beste era batera pentsatzen dutenak, seinalatu eta apartatu egiten ditu eta berdinen elite bat geratzen da.

Zuen lehen diskoa da?
Bai, egin genuen maketatxo bat eta harrera ona izan zuen, Donostiako Jazzaldian jo genuen; Euskal Herria Zuzenean lehiaketako finalera iritsi ginen, Leioako maketen lehiaketan saria jaso genuen... Orain 9 abesti berri dituen lehen diskoa argitaratu dugu. 2009an hasi eta lasai-lasai goaz aurrera.

Zer eratako diskoa da?
Rock eta funkia egiten dugu, baina nabari da, abestiak helduagoak direla. Gustura gaude.

Taldea eta zuen estiloa jada finkatua al daukazue?
Egia esan, egiten duguna egiten dugula ere, gure ukitua dauka. Eboluzionatzen dugu, baina rock eta funkia hor dago beti. Ez dakigu nora goazen, azken finean gustatzen zaiguna egiten dugu. Ez diogu estiloari hainbeste begiratzen.

Taldean sortu al duzue musika?
Bai, normalean, taldean abestien musikak sortu eta letra gehienak, gero Josu abeslariak egiten ditu. Oso onak dira.
Ahotsak garrantzia du baina instrumentuak ere bai. Ez dugu musika jotzen abeslariari “laguntzeko” soilik.

Zein gai jorratzen dituzue?
Abesti askotan ageri da kritika soziala, eta amodioa ere bai. Denetarik dago.

Abesti bat nabarmenduko al zenuke diskotik?
Disko honetan abesti bereziena “Berdinelite” da, letrarengatik eta musikarengatik. Bitxia iruditu zaigu eta horregatik jarri diogu diskoari izen hori.

Zeintzuk zarete taldean?
Bi andoaindar daude taldean, Alvaro Remachak, gitarra jo eta koroak egiten ditu eta Josu Etxeberriak abesten du; baxu-jolea Ibon Jiri Garcia donostiarra da; gitarra-jolea Haritz Manterola, zarauztarra, eta ni Jokin Telleria lasarteoriatarra.

Taldea Lasartekoa dela diogu, hemen entseiatzen dugulako eta gure lehen kontzertuak hemen izan zirelako. Jalgin Itoiz taldearen “tributoa” egin genuenean elkartu ginen, lehen aldiz -ez dugu horrelakorik berriro egin, baina, askotan oroitzen dugu-, eta gero, Oreindik taldearen lehen kontzertua Abend-en izan zen 2009ko Multimusikalean.

Kolaboraziorik izan al duzue?
Noiznahi abestian Makulu Ken taldeko abeslari Xabi Herrerak kantatzen du. Lokala konpartitzen dugu Makulu Ken taldearekin eta hauen diskoan parte hartu zuen Josu gure abeslariak. Abeslarien arteko kontua izan da.

Promoziorako bideo klipik egiteko asmorik ba al duzue?
Bai egin dugu jada. “(Ta) non zaude?” abestiaren bideo-klipa atera genuen aurrerapen moduan, duela bizpahiru hilabete, eta mila bisitatik gora izan ditu interneten.

Eztiphotoko Ander Gartziandia eta Aitzol Etxegoien-ek egin ziguten eta “Ispilua” izeneko lan batean Jalgin ezagutu nuen Jon Martinez “Txiki” aktoreak parte hartu du. Dena, guk, lagun artean eta ondo pasatzeko helburuarekin egin dugula da politena.

Kontzertu gogoangarririk eskaini al duzue hiru urte hauetan?
Bai, adibidez Sustrai tabernan ez ginen ia sartzen, baina aldi berean politena izan zen. Eta bestea Donostiako Jazzaldikoa: BB King-en ondoren jo genuen, eskenatoki txiki batean, baina Jazzaldian. 80.000 pertsona zeuden Donostian.

Estrainaldia al da Jalgikoa?
Bai, azken finean lagunartean aurkeztu nahi genuen diskoa. Ondoren Blamik jarriko du musika. Berak egin digu portadaren, CDen eta kamiseten diseinua, eta berak jarriko du musika larunbatean. Artista bat da eta denetarik egiten du. Oso harreman ona daukagu. Azkenean hori da, lagunartean egin dugu diskoa.

Blami Diseinatzaile eta disko jartzailea:“Dantza egitea osasuntsua da”

Oreindik eta Blamiren arteko elkarlanaren lehen fruitua izan da Berdinelite diskoaren portada. “Harreman ona funtsezkoa da ideia bat garatzeko. Bestela, hobe uztea, emaitza ez baita ez diseinugile ez bezeroaren gustukoa izango” esan digu aste honetan Blamik.

Diskoaren portada egin diezu...
Ez dut CDa argitaraturik ikusi, baina esan didatenez ondo jaso dute. Ideiak ordenadorean landu behar dira estetikoki bezeroaren gustukoa izan arte.

Nolakoa da portada?
Supermerkatu baten ataria eta parking huts eta iluna ageri dira gauez. Ordenadorean supermerkatuaren izena ezabatu eta diskoarena gehitu genion, graffiti handi baten itxurarekin.

Aspaldian egin al duzu beste diseinu lanik?
Siglo20 Kafe Beltzan egiten diren emanaldietako kartel eta flyer guztiak egiten ditut.
Bestalde, aspaldion Longboard patineteentzat marrazki batzuek diseinatu ditut eta Shiatsuan oinarritutako terapien zentro baten logotipo eta irudia egiten dihardut.

Eta Hernanin, “gora! kamisetak” izeneko tailerrean, bi lagunekin, nikiak izan ezik, beste guztia guk egiten dugu, hau da, diseinua, estanpazioa eta etiketatua. Kopuru txikiak ateratzen ditugu, baina dena saldu ere bai, Gipuzkoako eta Bilboko zenbait dendetan.

Zer eratako musika jartzen du DJ Blamik?
Denetarik, erritmo on eta melodia alaia duen edozein musika, besteak beste, funk, jazz, bossanova, soul eta boogalooa. Era askotako musika da, ez naiz estilo konkretura mugatzen.

Nolakoa izango da larunbatean Jalgiko saioa?
Ba, horixe, erritmo bizi eta melodia alaiak.

Lortuko al duzu bildutakoak dantzan jartzerik?
Hori bertan direnen jarreraren araberakoa da, normalean neskek egiten dute dantzan, baina mutilek... gerria mugitzeko arazoak dituzte. Dantza egitea oso terapia ona eta osasungarria da eta mundu osoari gomendatuko nioke.