Bitartean Gaztelekuan lanean ari dira eta gazteentzako prestatu den txokoa aurkeztu dute gaur. Orain dela hilabete Gazte bulego berria ireki zen Gaztelekuan, orain gazte txokoa jarri dute martxan. “Txoko hau gazteek irakurketa, etxeko lanak egiteko gune, bilera gela edo beraiei burututako beste edozein erabileratarako pentsatua dago,” azaldu du Tasiok. Honetara dagoeneko gazteak hurbiltzen direla aipatu du eta “13 edo 14 urte arteko neska talde bat dator egunero etxeko lanak egitera” zehaztu du Alberto Vazquez gazte bulegoko arduradunak.
Irudia
Txoko berriaz gain, Gaztelekuaren irudi eta leloa ere eman ditu argitara.
Irudiari dagokionez, mundu osoan ezaguna egin zen Bansky artistaren irudi bat hartu dute oinarri, Palestinan eraiki zuten horman marraztu zuen neska eta honi globo sorta bat erantsi diote. “Guretzat horma bat izan denaren gainetik zeharkatzera goaz. Eta horretarako globo sorta erabiliko dugu,” adierazi du.
Eta leloa ere ideia honekin bat datorrela adierazi du, “Ideiek hegarazi dezatela”
Izan ere, “Gaztelekua orain arte arazo eta buruhauste ugari ekarri digun horma bat izan da, pausoren bat aurrera eman dugun bakoitzean trabaren bat bueltatu diguna, ” adierzi du Tasiok eta altzari falta, kontzertuak egiteko baimen eza, entsegu lokalak intsonorizatu gabeak izatea edo erabili gabeko ur tutuen leherketak sortutako uholde txikia jarri ditu aurkitutako arazoen adibide gisa.
Sare sozialak eta gazte bulegoa
Era berean, Gaztelekuak sare sozialetan bere lekua duela ere jakietara eman du. Facebook-en Lasarte-Oria gaztelekua orrialdea eta twitterrean @Lgaztea kontua ireki dira. Hauen bitartez, aste hauetan zehar Gaztelekuari buruzko informazio eta berri ugari eskainiko dituztela aipatu du Gazteria saileko arduradunak.
Eta gazte bulegoak ordutegi berria izango duelaren berri ere eman du Tasiok, “Gaztelekuko ordutegiarekin bat egingo du eta eguerdiko 12:00etatik 21:30era izango da irekia”.

