Aldarrikapen eguna izan ohi da martxoaren 8a, kaleetan kolore morea nagusitzen den eguna eta lasarteoriatarrek ez zuten aukera galdu kaleak berdintasun eskariz josteko.
Batetik, Emakumeen Zentro Zibikoak elkarretaratzea egin zuen kultur-etxeko atarian emakumeen eskubide “osoen” aldeko aldarria egin eta berdintasunaren beharraz ohartarazteko. Ostegunean, gainera, Alazne Zaldua psikologoak hitzaldia eskaini zuen Zentro Zibikoan zahartzaroan sexualitatea nola bizi azalduz.
EPA-ko ikasleek urteroko ohiturari eutsiz, antzerki umoretsu eta kritikoa eskaini zuten, oraingo honetan Miguel Mihuraren “Milagro en la casa de los López de...” izan zen aukeratutako obra. Ikusle ugari bildu zen kultur-etxeko areto nagusian, Lopezen luxuzko txaletean gertatzen ziren milakuluei algaraka begira.
Soberakinen dieta
Emakumearen egunaren harira, Semblante Andaluz elkartean Nerea Segura dietista nafarrak hitzaldia eskaini zuen nagusiki emakumeak ziren 50 entzuleen aurrean. Segurak hitzaldi parte-hartzailea planteatu zuen “Soberakinen dieta” delakoa ardatz hartuta. Azaldu zuenez, askotan bere buruaz ahaztu eta etxea, lana, umetxoak eta beste hainbat gauza lehenesten ditu emakumeak, “soberakin” guztiak xurgatuz, zentzu guztietan, baina baita elikadura ikuspuntutik ere.
Bestalde, umetxoak amarengandik jasotako edoskitzearen garrantziaz, edota nerabezaroan emakumearen gorputzetan ematen diren aldaketa fisiologikoez jardun zuen, haurdunaldi garaiari garrantzia emanez. Ostean afari ederra egin zuten elkartean bertan, legatza saltsan dastatuz.

