Marrubizko muxuak Aitorri

jon-altuna-egitegi 2013ko martxoaren 9a

Txokolate eta marrubizko muxuak hegaka bidali zizkioten larunbatean Aitor Landa gazteari herriko pailazoek Kukuka eta Jalguneko lagunekin batera. Gaur egun, pixkanaka jaten, ibiltzen eta hitz egiten ikas dezan tratamendu berezi bat jasotzen ari da zortzi urteko gaztetxoa Galiziako ospitale berezi batean. Elkartasun keinu polita eduki zuten pailazoek, bi emanaldietan eskuratutako dirua senideei eman eta hauek Aitor gaztea laguntzeko erabiliko baitute.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots herriko pailazoek “Sentitu, pentsatu, ekin!” ikuskizuneko bi emanaldi koloretsu eta indartsu eskaini zituzten larunbata arratsaldean Manuel Lekuonako areto nagusian.
Besteak beste amona Josefina, Patatari Jauna, otsoa edota Kintxo Barrilete nikaraguarra oholtzaratu ziren, erritmo biziko emanaldi luzeak eskainiz, ia bi ordu iraun zituztenak.
Pailazoak ez ziren bakarrik aritu ordea, herritarren laguntza izan baitzuten Aitorri ahalik eta animo zakukada handiena bidaltzeko.
Kukukako neska dantzari gazteek pailazoekin batera hainbat kantutan dantzan egin eta emanaldiaren amaiera aldera Jon Maia bertsolariaren letrekin osatutako “Eskuetan” abestiaren koreografia egin zuten, bizitza eta mundu berri bat eskuetan dauzkagula gogorarazteko.
Jalguneko lagunek berriz, euren elkartearen ereserkia abestu zuten Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Kukuka dantza eta antzerki eskolarekin batera. Ozen entzun ziren gitarra doinuak eta pausoka pausoka ametsak bete egiten direla erakutsi zieten ikusleei.
Aitorri eskainitako “Maite zaitut” abestiarekin errematatu zituzten emanaldiak.

Aitor laguntzeko bidea
Era berean, bertara hurbildu ezin izan zutenek eta ekonomikoki lagundu nahi duen orok kontu korronte berezi bat du eskura haien ekarpena egin ahal izateko: 2101-0048-21-0128308954.