Beltzak taldearen jardunaldi gazi-gozoa

jon-altuna-egitegi 2013ko martxoaren 10a

Kadete mailan porrota jasoagatik, Beltzak-Zarautz taldeko infantilek nagusitasunez irabazi zuten Eibarren kontra igande goizean Michelinen jokatutako norgehiagoka. Zarauztar mutilekin batera osatutako hamabostekoak erraz menderatu zituen armaginak, 65-7ko jipoia emanez. Txanponaren bi aurpegiak ikusi zituzten asteburuan.

Eskolarteko infantilen partiduaren ostean jokatu zuten Euskal Ligako neurketa Beltzak Gure Etxea taldeko mutil indartsuek.
Partiduari ezin hobeto ekin zioten etxekoek, 10. minutuan Patxi Gabilondok lehen uztartzea egin eta 30. minuturako beste bi ere lortuak baitzituzten Ander Rekondoren lanari esker. Xabi Prietok eduki zuen uztartzea egin osteko kolpe gehigarria gauzatzeko ardura eta 17-0eko markagailua lortua zuten dagoeneko.
Lehen zatia bikain amaituko zela zirudienean, azken jokaldian Baztanek Beltzaken defentsa lerroak hautsi eta uztartzea gauzatu zuen, kolpe gehigarriaren bi puntuak gehituta, 17-7 joan ziren aldageletara mutil guztiak.

Ander Rekondo Beltzak taldeko jokalaria baloia eskutan duela, entsegua gauzatzear.


Bigarren zatian kamuts
Baztandarren nagusitasuna bigarren zatiko lehen jokaldietan azaleratu zen. Bosgarren minutua betetzerako uztartze bat egina zuten eta nafarren moralak aparra bezala egin zuen gorantz hortik aurrera.
Hurrengo jokaldian berdinketa ezarri zuten baztango mutilek, 17-17.
Etxekoak ez ziren kikildu ordea. Zainetan daramaten amorrua eta zaleen laguntzari esker, lerroak aurreratu eta alboko “touch” bat probestu ostean, Patxi Gabilondok uztartzea lortu zuen berriro ere eta Xabi Prietoren oin-kolpeak bi puntu gehigarriak eman zizkion taldeari.
Gutxi iraun zien pozak etxekoei, baztandarrek berriro ere berdinketa ezarri eta partidua amaitzeko 10 minuturen faltan uztartzea egin baitzuten 24-31.
Beltzak taldea ez da erraz amore ematen duen horietakoa eta Ivan Olmos zarauztar gazteak jokaldi bizi baten bidez entsegua egitea lortu zuen. Tamalez, Prietok ezin izan zuen kolpe-gehigarria gauzatu, 29-31 beraz.
Zorte apur bat falta izan zitzaien etxekoei igandean eta sailkapenaren lidertzan doazen baztandarrei berriz irri egin zien zoriak. Partidua amaitzear zela entsegu baten bitartez eman zioten neurketari heriotza-ukaldia. Azken emaitza: 29-36.
Hirugarren denboran hamaiketakoa jaten ari zirela nabari zen goibeltasuna etxeko morroskoen artean, baina hurrengo astean Igorrera gogoz joago dira, Arratiko Zekorra taldeari gauzak zail jarri asmoz.

Berri onak Beltzakentzat
Honetaz gain, larunbatean, Beltzak Ostadar eskolako Mikel Millan eta Lander Gorostegi gazte infantil federatuak Euskadiko selekzioarekin entrenatu ziren Plentzian.
"Berri onak dira hauek eta eskolako kideak, bai jokalari bai entrenatzaileak motibatzeko balio du", aipatu dute eskolako arduradunek.
Bestalde, martxoak 2 eta 3an, Beltzak Ostadar Errugbi eskolako infantil federatu eta eskolarteko infantil taldeko kideetako batzuk Pauen izan ziren eta Zarautz taldeko lagunekin batera adiskidetza asteburua izan zuten.
Mendian elur-erraketekin ibilaldia, Pauko alkatearekin afaria, entrenamenduak, haien artean partiduak eta Frantziako lehen mailako errugbi partida bat ere ikusi zuten lagunarteko giro onean.