Oreindik taldearen itzulera, Jalgin

jon-altuna-egitegi 2013ko martxoaren 10a

Gutxitan hartzen du Jalgik halako itxura, gainezka egin zuen larunbata gauean Oreindik taldeko bost musikarien kontzertua ikusteko. Rock eta funkie doinuz osatutako kontzertua eskaini zuten, gitarren riff gogorrak, bateriaren kolpe lehor zein tinkoak eta ahotsaren melodikotasuna ardatz hartuta, giro beroa jarri zuten aretoan.

Berdinelite diska berria aurkeztu zuen Lasarte-Oria, Zarautz, Andoain eta Donostiako musikariz osatutako boskoteak, ia hiru urte herriz herri eta oholtzarik oholtza kontzertuak ematen daramatzan Oreindik taldeak.
Hauen saioa amaitzean diskoaren azala eta kamiseten diseinua egin dizkien Blami DJak dantzan jarri zuen Jalgi, festa gaueko ordu txikietara arte luzatuz.
Ez zen eguneko kontzertu bakarra izan ordea, Nia Moore King & The Bluebirds taldeak Mendi Kafe Rock tabernan ere eskaini baitzuen kontzertua Kultur Kale Zikloaren barnean.
Blues eta soul doinuak izan ziren protagonista, besteak beste Diana Krall handiaren “Stop this world”, Bill Waithers-en “Aint no sunshine” edota Leonard Cohen musika-eminentziaren “Halleluha” gisako kantuen bertsioak jo zituzten ordu bete pasatxo iraun zuen kontzertu goxoan.

Barrikotea eta bakarrizketa
Abenden barrikotea egin zuten ostiral gauean. 30 lagun inguru bildu ziren afarian eta Mario Simancas bakarlariak afalostean gaurkotasunezko gaien inguruan bakarrizketa umoretsua eskaini zuen, topikoak hankaz gora jarriz.