Aitor Atxega, musikaria: “Bertsoak kantukera propioa du”

jon-altuna-iza 2013ko martxoaren 11

Aitor Atxega, Asteasuko eskolako musika irakaslea, bertso idatziei musika jartzen ari da aspaldion Imanol Kamio musikari hernaniarrarekin. Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariekin batera “ez gara Palestinaz ari” ikuskizuna ondu dute. Ostegunean hilaren 14an eskainiko dute kultur etxean arratsaldeko 20:00etan. Bi herritar egongo dira oholtza gainean eta gu Atxegarekin egon gara ikuskizunaren berri izateko.

Unai Muñoa bertsolaria eta Aitor Atxega musikariaren ikuskizuna ostegunean eskainiko dute kultur etxean.
Andoaingo Basteron estreinatu zuten “Ez gara Palestinaz ari” bertso ikuskizuna otsailaren 1 eta 2an. Unai Muñoa lasarteoriatarrak eta Ander Lizarralde oiartzuarrak prestatu dute Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariekin batera eta oraingoz harrera ezinhobea izan du. Andoainen eta Oiartzunen bete egin ziren, eta martxoan beste bost saio egingo dituzte, lehenengoa ostegunean Kultur Etxean.
Aitor Atxega musika irakaslea da, baina ez du sekula eskenatokia utzi, 1991ko udan Ataunen Joseba Iparragirre soinu-jolearekin bere lehen berbenan jo zuenetik. Urte haietan erromeriak eta trikitilariak ziren modan, geroago Mal de Ojo eta Haragi Gordina rock taldeetan aritu zen, eta azken urteotan bertsolariei laguntzen.

Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariekin ari zarete, Imanol Kamio soinujolea eta zu “Ez gara Palestinaz ari” bertso jarrien saioan. Zer moduz sentitu zara? Gustuko al duzu formatu hori?
Formatu txikia gero eta gehiago gustatzen zait, une honetan errazago aterako nintzateke eskenatokira bakarrik gitarra batekin, nire instrumentua berez baxua bada ere, kontzertu handi batean baino. Azken urteotan asko zaletu naiz kantura. Orain erromeriek ez naute erakartzen, -agian hemendik bi urtera bai- baina bertso-kantuak bai. Oso eroso ari naiz beraz eta azken proiektu honekin are gehiago esker ona ari gara eta ikusten. Aurreko ostiralean Oiartzunen aretoa bete egin zen, 250 lagun egon ziren ikusten eta kanpoan geratu zen jendea. Andoainen Bastero bi aldiz bete genuen eta aurretik uste baino gehiago gustatu zaio jendeari.

Eta zuri, gustatu al zaizu?
Bai, asko. Kantatzen dutena egia da gainera. Ausardia behar da egiten dutena egiteko. Beraiena kantatzeko. Batetik egiazkoa delako eta bestetik musika eta bertsoz aparteko kontuekin jantzi delako. Off ahotsak egiten asko disfrutatu dugu, bideoak egin ditugu, baina aldi berean oso ikuskizun sinplea da.

Gomendagarria da beraz...
Ez dago gaur egun horrelako proposamenik. Ez da bertsoa, ezta musika ere. Ez Dok Hamairu taldekoek sentikaria hitza erabili zuten eta iruditzen zait jende askok ikusi duela eta ikusiko duela bere burua hor isladatua. Gizonen eta harremanen kontuak, haurtzaro eta zahartzaroa, gaztaroko zalantzak... Jende askorengana iritsiko da, jende askok birziklatzen du bere bizitza... Gainera handitasunik gabe kontatuta dago, oso zuzena eta argia da, artifizio gutxirekin egina.

Zer pentsatua ematen du...
Bai eta ez han ikusitakoari buruz, baizik eta zer pentsatua norberari buruz.

Musikak bertsolariei laguntzeko, elkar ulertzea garrantzitsua izango da...
Bai, ordu asko egin dugu elkarrekin. Bi urte bete dira honekin hasi ginenetik. Egia da Imanol Kamio eta biok bertso-kantatuetan elkarrekin asko gabiltzala eta enpaste naturala badaukagula. Kantuan ordu asko eman ditugu, saio asko,
Kantuan ere asmatzen dute, ez bakarrik espresioan, dezente landu dugu. Kantakera atsegina da, ñabardurak dauzkana,
Musika beti beraien atzetik doa, elkar ulertzea dago, partitura dago, guk beraien arnasari jarraitzen diogu.

Beraientzat lagungarri izango zen zuek biok musika irakasleak izatea.
Bai, oso irekiak izan dira, oso umil etorri dira, egorik gabe, eta guk aholkatu dieguna ehunetik ehunean onartu dute. Gero konturatu dira askoz erosoago kantatu dutela, askoz hobeto. Guk bertsoarekin dugun eskarmentuak asko lagundu die, izan ere, bertsoak kantukera propioa du.

Eskenaratzea ere bitxia izan da. Aipatu dituzu, Offeko ahotsak, bideoak, kamerinoa oholtzan... denetarik dauka ikuskizunak.
Esango nuke bi bertsolarien barneko istorioak direla eta saiatu dira horiek azaleratzen. Irudietara ere eraman ditugu eta imaginario bat ere sortu daiteke, irudi sugerenteak dira, eta musika ere bai. Ez dugu melodiarik jotzen, beti armoniekin ari gara jolasean eta iradoki egiten dugu. Oso arina da. Hasieran beldurra genuen ez ote zen oso etereoa izango, baina badirudi tonua gustatu dela.

Imanol eta biok aspalditik ari zarete proiektu ezberdinetan elkarrekin, ezta?
Oso ondo moldatzen gara. Eñaut Agirrerekin hasi ginen. Gu beti izan gara horrelakoak, musikari onena baino lehendabizi pertsona aukeratu dugu, Imanol eta ni baino piano eta gitarra jole hobeak milaka daude, baina elkarren errenak onartzen eta elkarrekin orekatzen irekiak garela. Bakoitzak gure rolak hartuta dauzkagu. Nik erritmoan eta arnasean laguntzen dut, eta berak armonian. Pertsonalki ere ondo uztartzen gara, denbora librea ere asko konpartitzen ditugu.

Eñaut Agirrerekin ari zarete “Historiaren hari zahar horri” ikuskizunean. Zer moduz? Herriz herri al dabil?
Bai, baina gutxiago. Oso ikusle jakinentzako prestatuta dago ikuskizuna, bertso adiktoontzat. Eñaut Agirre bertsoak kantatzen paregabekoa da. Bizpahiru urte daramatzagu elkarrekin, enkargu bat hemen, beste enkargu bat han, leku askotan aritu gara.

Bertso historikoen antologia bat da, zer dauka ikuskizun honek...
Ikuskizunaren zati bat, antologia, finkoa da, beti egiten dugu, eta bestalde, joaten garen lekuko bertsolari zaharren hautaketa bat egiten dugu, bertako bertsolariei perlak eskatu eta Eñautek berak propio sortzen ditu bertso batzuek. Bertso jarri horiek dira emanaldiaren balio erantsia. Propio herri eta momentu horretarako jarritako bertsoak. Hori ez dut uste inork egiten duenik.

Aurretik ere egin dituzue gauzak Eñaut-ekin batera: Txirritaren bertsoak, Pedro Mari Otañorenak, bertso egunekoak...
Bai enkargu konkretuak izan dira, baina errepikatu ezin daitezkeenak. Eñauten berezitasuna hori da, esklusibitatea, momentu konkretu baterako egiten ditu, eta asko kostatzen zaigu, zerbait behin egin eta ez da errepikatzen.

Bertsoadikto batentzat ez da txarra, Muñoa eta Lizarralderekin edo Agirrerekin aritzea?
Bai, oso plaza gozoak dira. Une honetan bost mila pertsonen aurrean eta 40.000 watt-ekin jotzea baino gehiago gozatzen dut txikitasun horretan, normalean emanaldi hauetara joaten den jendea, propio horretara doa eta ikusle oso esker onekoa da. Plazan, aldiz, edozein pasatzen da.

Dena den Bertso inprobisatu gutxitxo ez al da saio horietan?
Ez, Unai eta Anderrekin mintzatu ginen horretaz eta kontrakoa nintzen. Nire ustez, bertso idatzia dagoen lekuan bat-bateko bertsoak maila hori izatea ezinezkoa da. Kontuan izan dugu, eta buruan darabilkigu, baina, nik, ez dut faltan botatzen. Bestela ere bertso-saio asko dago.

Hernaniko koruarekin ensaiatzera ere joaten zara?
Urte askotan berbenetan jo eta gero, utzi nuenean, Eñaut Agirre eta Kamiorekin elkartzen hasita nengoen, honen akademian. Gitarra irakaslea behar zuela eta hiru urtean ari nintzen Doinuzale akademian. Bukatzen nuenean korua sartzen zen eta zeukaten giroak inbidia ematen zidan. Adineko jendea da oso umore onekoa. Batzuetan gitarrarekin laguntzen nien. Bost ahotsetara gela txiki batean abestea, gauza berezia da eta pentsatzen nuen, nik ere hasi behar dut ba. Eta gitarra klaseak utzi nituenean, libratu nuen denbora pixka bat eta hasi nintzen. Imanolek errepertorio oso berezia dauka, sortzailea da eta abesti asko bereak dira. Astean behin joaten naiz. Besteak bi aldiz. Bost ahotsetara kantatzea soinu-esperientzia bikaina da.

Eta parrandatan bertsotan ere egiten duzu...
Bai, oraindik bai. Larraulen kantu afaria antolatzen dut, inguruko herrietako batzuek elkartzen gara eta hamarretik hamaikatan bertsotan bukatzen dugu. Larrauleko elkartean sarri egoten gara eta han ere egiten dugu. Afizio handia daukat.

Orain Unai Muñoa gisako bertsolariekin jardunda zerbait ikasiko zenuen?
Ez pentsa. Hauenak olerkiak dira. Baina, bai, beti ari gara ikasten. Bertsoen munduan asko gozatzen dut.

Nola hasi zinen musikari?
Ttakun Kultur Elkartearen Txosna jarri genuen Insausti pareko plaza txikian, gitarra elektrikoarekin jotzen aritu nintzen eta Joxerra San Sebastian etorri zitzaidan talde batek gitarra jolea behar zuela esanaz. Eta Ataunera joan nintzen Joseba Iparragirrerengara. Oso ondo jotzen zuen soinua trikitilari txapelketa irabazitakoa zen ordurako, eta ni lotsatuta haren ondoan, baxua jotzen. Kontserbatorioan ikasten ari nintzela, Jon Lasarekin ere jotzen nuen tarteka. Gero, segi eta segi, 1991tik pasa dira urte batzuek.

Egin dituzun gauzen artean zein da nabarmenduko zenuena? zerk bete zaitu gehiena?
Plazatan aurreren Mal de Ojorekin iritsi ginen, talde gehienek desio dutena lortu genuen, diskoetxea izatea, kontzertuak ekipo on batekin eta abar, baina pertsonalki Haragi Gordina taldearekin ateratako diskoarekin geratzen naiz Produktu oso bezala.
Eta ez zait ahaztuko inoiz “Bero bero” kantuaz. Sortzaile guztiek nahiko luketen zerbait dauka. Harritzen naiz oraindik kantua nola iristen den ikusita. Letra Pablo Suberbiolarena da eta musika nirea. Baliabideak egon ziren eta estudioan grabatu zen gainera. Lasarten, 80 urteko aitonak eta 6 urteko haurrak komunean daukaten gauza urrietako bat kantu hori izango da. Beti ez da ateratzen horrelakorik, izarrak lerrokatu egin ziren... Orduan Haragi Gordina taldearekin a tope genbiltzan eta oso polita atera zen. Eta esan bezala diskoen aldetik plazerik handiena Haragi Gordinarenak eman dit. Pare bat urte ibili ginen.
Maratoi batean orkestina osatu genuen, arreba eta Urruk. Mundiala izan zen hura. 2005eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako kantua ere egin nuen, baina gauza guzti horiek pasa egiten dira.

Etorkizunerako ba al duzu beste erronkarik?
Garai batean ikasi eta ikasi aritzen nintzen eta orain, aldiz, oso eroso nago. Etorriko da erretiroa, baina ez dut datarik jarri. Lan asko egiten dut profesionalki eta beste asko musu truk ere bai, gustura egiten dudalako.
Beti ari naiz, musikak sortzen, antzerki taldearentzat, honentzat edo harentzat, baina uste dut musikari berriak etorriko direla herrian eta erreleboa emango diegu eragozpen handirik gabe.