Buruntzalde IKT-ko Iñigo Ibarburu eta Itsaso Tolosa gazteak ondo aritu ziren otsailaren 28tik martxoaren 3ra Palman ospatu zen infantil eta junior mailako Estatuko txapelketan. Biek B finaletan parte hartu zuten.
Iñigo Ibarburuk infantil mailako 100 metro libre eta 100 m. tximeleta probetan aritu zen.
100 metro libreetan, “bikain ibili zen” Iñigo bere entrenatzaile Borja Apeztegiak adierazi digunez. Izan ere, bai sailkapen proban, baita B finalean ere bere marka hobetu zuen.
100 metro tximeleta proban “aurreko eguneko 100 libreko markak segurtasun handia eman zion eta dena ematera atera zen,” aipatu digu Apeztegia entrenatzaileak .
Honela Ibarburuk kanporaketan bigarren denbora onena egin eta bere marka hobetu eta gero, B finalean berriro jaitsi zuen marka, 59sg 40 ehuneneko.
Buruntzaldea IKT-ko entrenatzaileak jakitera eman duenez, “igerileku luzean proba honetan minututik jaisten duen lehen taldekidea da”.
Era berean, Itsaso Tolosa ere junior mailako 200 bizkar probako B finalean izan zen.
Honetan aukera askorik ez zegoenez, “proba beste modu batean egiteko aprobetxatu genuen eta denbora berdina egin zuen Itsasok baina goizean baino askoz ere erlaxatuago eta proba hobeto maneiatuz. Aldaketa horrekin oso gustura geratu ginen eta berari ikasteko ere balio izan ziola uste dugu”. aipatu digu entrenatzaileak.
