Laburbira, euskarazko ikus-entzunezko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburua duen zirkuitua da. Zirkuitua Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatzen du herriz herriko euskara elkarteekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzaren kultura saileko zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa du.
Aurtengoa Erandion hasi da, martxoaren 4an, eta martxoaren 29ra arte 20 herritan izango da.
Lasarte-Orian emanaldia asteazkenean, martxoaren 13an izango da Jalgin 21:00etatik aurrera.
Aurtengoa hamargarren edizioa da eta zortzi izango dira eskainiko diren film laburrak.
Zortzi film labur
Asteazkenean Jalgin zortzi ikus-entzunezko labur eskainiko dira, 2011n eta 2012an sortutakoak guztiak.
Sustatzaileek azpimarratu bezala ordu eta laurden inguruko emanaldian, “sormena, dokumentala, fikzioa zein animazioa” uztartzen dituzten ikus-entzunezkoak izango dira ikusgai.
Film laburren zuzendariei dagokienez, ibilbide luzeko egileen eta sortzaile berrien lanak ezagutarazteko ahalegina egin nahi izan du Laburbirak urtero moduz. Hau kontutan izanik, honakoak izango dira ikusi ahal izango diren lanak eta hauen zuzendariak, “Beerbug” (Ander Mendia), “Berriro igo nauzu” (Carlos Rodriguez), “Desentxufatuak” (Bernues anaiak), “Deus et machina” (Koldo Almandoz), “Elkartea” (Kote Camacho), “Hamaiketakoa” (Telmo Esnal), “Oinaze egoitzak” (Oihan Amezua, Karlos Ibarbia, Netzer Bereziartua, Asier Sustaeta) eta “Tortila” (Iñigo Lopez).
Film laburren sinopsiak www.topagunea.org
laburbira helbidean aurki daitezke. Asteazkeneko saioa irekia da eta ez da sarrerarik ordaindu behar.
