Babes Ofizialeko 30 etxebizitza egingo dira Buztindegi kalean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko martxoaren 11

Lasarte-Orian babes ofizialeko 30 etxebizitzen jabetza esleitzeko prozedura ireki du Etxebidek. Etxebizitza hauek Zabaleta Berri auzoko Buztindegi kaleko 4. zenbakian eraikiko dira.
Hainbat izan dira Udalera informazio bila hurbildu diren herritarrak eta bertan honen berri ematen ari dira. Baina proiektu honen ezaugarri guztiei buruz gehiago jakiteko, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean Herritarren Zerbitzura, Donostiako Andia kaleko eraikinera hurbildu behar da edo www.gizartelan.ejgv.euskadi.net orrialdeko berrien atalean ere aurki daiteke.
Sustapen honetan Etxebiden Donostiako eskualdeko udalerriren batean etxebizitza erosteko eskaria egin duen edonork parte har dezake. Honen berri emateko eskutitzak, mezu elektronikoak eta mugikorrera mezuak bidali ditu erakundeak.
Lasarte-Oriako Udalak gogoratu du sustapen honetan parte hartu nahi duten herritarrek etxean jaso duten eskutitza sinatuta bidali behar dutela bertan agertzen den helbidera, martxoaren 20a baino lehen.