Martxoko ohiko udalbatzarra izan da gaur arratsaldean eta gai ugari atera dira aurrera. Lehenik 2012 ekitaldian eta 2013ko ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dosierren berri eman da. Hirigintza alorrean, behin-betiko onespena eman diote "A-38 Goiegi Gora HIEan Hiri-Plangintzako Arau Subsidiarioak puntualki aldatzeko" dokumentuari. Honela Goiegi Gora eremuan egingo zen hotelaren proiektuak aldaketak jasango ditu, hala nola, izango dituen solairuen kopurua.
Era berean, udal talde sozialistak aurkezturiko "Toki Administrazioaren Erreforma Proiektua"-ri buruzkoa mozioa onartu da. PPko zinegotziaren bozka izan da aurka egin den bakarra.
Ondoren Bilduk aurkezturiko mozioa: "197/2006 Doktrina: Zigor gehigarriaren ankerkeria"ri buruzkoa azaldu eta bozkatu da. Hau aurrera atera da eta besteak beste, Strasburgoko epaitegiak martxoaren 20ean ematen duen epaia aintzat hartzea eta 197/2006 Doktrina eskubideen aurkako dela egozten bada, doktrina bertan behera uzteko eskatuko du Udalak.
Azkenik eta galdera eta erreguen txandara iritsi aurretik, Huyck Wangner (Perot)-eko langileen aldeko mozioa onartu du Udalbatzarrak. Zizurkilgo enpresak ERE-a aurkeztu zuen 75 langile kaleratzeko, 81 langiletik. Elkarrizketetan izan dira langile zein enpresako zuzendaritzako ordezkariak eta azken egunetan prentsak jaso duenez. ERE-a bertan behera uztea erabaki da eta biltzen jarraitzen dute egoerari irtenbide bat eman nahian.
Galdera eta eskaerak
Azkenik galderen txandan, PSE-EEk eta PPk hitza hartu dute. PSE-EEko bozeramaileak, Jesus Zaballosek besteak beste, Lasarte-Oria eta Donostia arteko bidegorriari buruz edo NASIPA enpresaren egoeraz eta herrian dituen proiektuaz galdetu du eta eskaera bat egin dio Udal gobernuari, kontratazio pliegoetan subrogazioa aurreikustea.
Nerae Sanchez Hirigintza saileko arduradunak bidegorriaren harira, bilerak egon direla azaldu du eta guztien gustuko den proiektua adostu dela aipatu du. Hau aurten garatu eta hurrengo urtean egin ahalko litzatekeela aipatu du. NASIPAri buruz, enpresak Udalarekin hitz egin eta proiektuak aurrera eramateko asmoa duela jakin arazi du Hirigintzako buruak.
PP-ko Vanesa Velezek liburutegia Udaletxe berria eramateko ideiari buruz galdetu du eta Udalak hainbat gaitan duen gardentasun eza salatu du, hala nola, abokatuen kontratazioetan.
Alkateak liburutegiko lekualdaketa ideia bat dela eta aztertzen ari direla adierazi du.
Herritarren txanda
Ohiko udalbatzarretan herritarrek ere hitz egiteko aukera izan dute. Honetan Beñat Iriondok gatazka politikoari buruz hitz egiteko gunea irekitzeko proposamena egin du. "Elkar ulertzeko eta berriro gerta ez dadin," adierazi du.
