Hondarribiko Ama Guadalupekoa taldean entrenatzen den Amaia Curiel lasartearrak urrezko domina lortu zuen larunbatean Albalote herrian egin zen junior eta eskolarteko Espainiako Borroka Txapelketan.
Curiel Euskadiko selekzioko junior mailako neska bakarra izan zen txapelketan honetan lehiatzen.
Amaiak hiru borroka irabazi behar izan zituen urrezko domina lortzeko.
Lehengo borroka Ainhoa Vazquez galiziarraren aurka izan zen eta erraz irabazi zuen. Bigarren borrokan, Olaia Huarte nafarrarekin aritu zen, joan den urteko Espainikao txapelduna.
Bere aurkari gogorrena izan zen, baina ala eta guztiz ere, bere aurkaria menperatu eta garaitu egin zuen. Bere hirugarren eta azken borroka, Ana Ojea asturiarraren aurka egin zuen, eta beste borroketan pasa bezela, aurkaria ederki kontrolatu eta urrezko domina irabazia zuen.
Era honetara, iaz lortutako brontzea hobetu eta kirol bilakaera bikaina daramala berretsi du. Lasartearraren urte hasiera ezin hobea izan da otsailaren 23an nagusien mailan lehiatu zen brontzezko domina lortuaz eta bi aste lehenago Espainiako Sambo Txapelketan bigarren postua eskuratu zuen.
Daniel Palavecino eta Ronaldo Veitia entrenatzaileen hitzetan: “ Bere lanaren fruitua izan da Espainiako txapelketan urrea lortzea, oso gogor ari baita entrenatzen”.
Hirugarren postua
Esteban Martinez iparraldeko eremuko podiumean izan zen, brontzezko domina eskuratu zuen. Arg.: Gorka Aristegi
Bestalde, lehengo igandean, martxoaren 10ean, junior mailako Espainiako txapelketarako iparraldeko sailkapen saioa izan zen, Iruñean.
Bertan LOKEko Esteban Martinezek hirugarren postua lortu zuen. Tamalez postu honek ez dio Estatuko txapelketako finalean egoteko aukera ematen.
Txikiak primeran
Honetaz gain, taldeko gaztetxoak martxoaren 2an Durango Uria Sarian izan ziren eta ederki ibili ziren borrokan.
Manu Revuelta, Yeray Mendibe, Ander Garrido eta Ibai Aranguren alebinak bakoitza bere mailan irabazle izan ziren. Garikoitz Mena, Jesus Curiek, Sergio Faro, Eric Bermejo, Unax eta Omar Jassanek bigarren postua eskuratu zuten.
Infantil mailan, Jorge Revuelta hirugarren izan zen eta kadeteetan, berriz, Ion Arroyo 5. eta Fermin Balda, Haritz Urdangarin eta Asier Zubizarreta 7.