Gaztelekuak bere lehenengo urratsak eman zituen aurreko astean eta gaurkoan Taxio Arrizabalaga Gazteria zinegotziak, Xabier Goitia eta Rosa Illarramendi teknikariekin batera agerraldia egin du Gaztelekuaren irekiera ofizialeko festa aurkezteko.
Festa hau datorren ostiralean martxoaren 22an izango da 17:00etatik 20:00etara. Honetan espazio guztiak ezagutzeko aukera izango dute gazteek eta besteak beste, kontzertua bat egongo da hainbat joko eta dinamikekin batera. Festa honen baitan zinegotziak azpimarratu duenez, gazteei espazio honen ideiak nagusiak azaldu eta honetan egin nahi dutenaren inguruan galdetu nahi zaie.
Aste Santutik bueltan parte hartze prozesu bat egin nahi da, gazteek espazio bakoitzari eman nahi dioten erabilera zein den ezagutzeko. "Dagoeneko gazteei galdeketa bat pasa zitzaien bertan nahi zituzten ikastaroak, ekintzak zeintzuk ziren jakiteko eta horietatik atera dugu adibidez apirilean programatuko den ikastaroa, hala ere, espazioak ezagututa zertarako erabili nahi duten jakin eta eurekin Gaztelekuaren proiektua, eskaintza, aukera gorpuztu nahi dugu".
Udal ordezkariak festan parte hartzera gonbidatu nahi izan ditu gazteak eta hemendik aurrera sare sozialen bidez informazio gehiago zabalduko dutela adierazi du, Facebook eta Twitterren.
