Gero Axular dantza taldearen “Argizaiola” ikuskizuna larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko martxoaren 15a

Gero Axular dantza taldeak bere bosgarren lana aurkeztuko du bihar, larunbata 19:00etan Manuel Lekuonan.

Talaia ikuskizuna herrian ikusteko aukera izan zen 2009an.
Argizaiola lana da estreinakoz taularatuko dutena eta 100 minutuko iraupena izango duen ikuskizunak XIX. eta XX. mendean kokatuko ditu bertaratutakoak. Lau eszena nagusitan banatuta, hogeitabi dantza eskainiko dituzte.

Dantza taldeak aurretik Sasi Artean, Lamien Basoa, Talaia eta Xereta ikuskizunak erakutsi ditu Euskal Herriko hainbat antzokitan baita Europan zehar parte hartutako hainbat dantza jaialdietan.
Oraingoan adin ezberdinetako 60 pertsonek parte hartzen dute ikuskizunean dantzari, musikari eta bestelako pertsonaien artean. Musika zuzenean izango da oholtzan dantzariekin batera.

Gerra garaia
XIX. eta XX. mende artean kokatzen den ikuskizuna dakar oraingoan Gero Axular dantza taldeak, “Euskal Herrian, gerra eta istilu zibilak tartean direla, mendian eta herrian”.
Dantza ikuskizuneko pertsonaia nagusia ikazkinaren semea da. Txikitan basora joaten zen aitarekin eta honek egindako txondorrean ezkutatzen zen eta haren barruan jartzen zituen bere altxorrak: bidean aurkitutako txorimalo bat eta amonak emandako argizaiola. Urteak aurrera, herrian apirilaren 27an korrika atera behar izan zuten merkatutik, zerutik tximistak erori ziren eta sutan esnatu zen herria. Basora joan zen txikitako txondorrean aterpetzera, baina hura ere erreta zegoen txorimaloaren eskuetan argizaiola piztuta azaldu zen.

Bere sorreratik 2004. urtean Juan Luis Unzurrunzagaren gidaritzapean lan egiten du Donostiako taldeak. Sarrerak kutxaneten daude eskuragarri 11 eurotan.