Aniztasunaren astea antolatu du Burunzpe Guraso elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2013ko martxoaren 15a

Burunzpe Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko guraso elkarteak asteburu honetan lehenengo aniztasunaren astea antolatu du. Guraso elkarteak azaldu duenez, eskolan eta herrian ematen den kultura aniztasunaren errealitatea eta honek duen garrantzia islatzea du helburu aste honek.

Herrian dagoen kultura aniztasuna erakutsi nahi du Burunzpe guraso elkarteak.
Aniztasunaren asteko ekimenak gaur eta bihar izango dira. Honela, gaur, 16:45etik aurrera, guraso eta ikasleentzako jarduerak izango dira Sasoetako gimnasioan.

Hennarekin tatuajeak, munduko jolasak (sokatira, isatsa astoari jartzea…), eskulanak, makilajea, munduko musikak eta karaokea... egingo dira kultura anitzak ezagutu ahal izateko.
Bihar, larunbata, goizeko 10:00etan, gurasoen arteko futbol partida izango da udal kiroldegian. Ostean, 14:00ak aldera, gurasoentzat herri bazkaria antolatu da Extremeña Elkartean.

Munduko errezetak
Ikastetxean, beste ekintzen artean, “Munduko Errezetak” bilduma osatuko da.
Guraso elkartekoek azaldu dutenez, ikasle bakoitzak errezeta bat egiteko fitxa bat eramango du etxera eta gurasoen laguntzarekin hauen herrialde, erkidego edo lurraldeko errezeta bat idatziko du.
Errezeta guztiak jaso ondoren bilduma bat osatuko da eta ikusi nahi duenak hau eskolako liburutegian egongo dela jakitera eman dute.

Parte hartzea
Zumaburu-Sasoetako Guraso elkarteak eta ikastetxeak antolatu diren jardueratan jatorri ezberdineko gurasoak parte hartzera animatzen dituzte. Honela, antolatutako ekintzetan parte hartzeko prest dauden gurasoek 943 361 226 zenbakira deitu edo aniztasuna@burunzpe.net helbidera mezu bat bidal dezakete. blogean jasotzen da informazioa eta argazkiak.