Jesus Zaballos: “Ez naiz Madrilen ikusten”

maider-azurmendi 2013ko mar. 15a, 10:52
Jesus Zaballos Lasarte-Oriako PSE-EEko burua da egun. Zinegotzi lanarekin uztartuta, Patxi Lopezen Jaurlaritzan lanean aritu zen Iñaki Arriolaren sailean. Lopezek berak eskatu zion PSE-EEko zuzendaritzako kide izateko eta atzotik Gasteizen legebitzarkidea da. Lasarte-Orian lanean jarraitzeko asmoa duela dio 2015ean alkategai izan nahi duela aurreratuz.
Jesus Zaballos, PSE-EEren egoitzan.
Ana Urchuegiaren alkatetza luzearen ostean hartu zion Jesus Zaballosek lekukoa. PSE-EEko zinegotzi gazteak ia bi urtez izan zen alkate. Patxi Lopezen lehendakaritzarekin batera, Jaurlaritzan Etxebizitza, Herri lan eta Garraio sailean aritu zen Iñaki Arriolarekin. Abenduan amaitu zuen lana Gasteizen baina bueltan da ostegunetik. Arriolaren ordezkoa da Eusko Legebiltzarrean. Horretaz gain, PSE-EEko zuzendaritzako kide izendatu dute azken kongresuan.

Nolakoa izan zen aldaketa alkatetzatik Jaurlaritzara?
Iñaki Arriolarekin egon nintzen lanean Jaurlaritzan. Lan aldetik oso desberdina izan zen, pasa nintzen alkatetzan, herritarrarekin harreman zuzenean lan egitetik, departamentu jakin batean lan egitera.
Nire lana bitartekari parlamentariorena zen hau da, legebiltzarra eta departamenduaren arteko lotura egitea egokitzen zitzaidan.

Oso denbora gutxian PSE-EEko zuzendaritzako kide izendatu zaituzte eta orain legebiltzarkide...
Iñaki Arriolaren lekua hartzen dut bai. Legebiltzarrean egongo nintzela ez nuen espero. Arriolarekin lanean nengoela, egun batean bere bulegora deitu ninduen. Esan zidan Gipuzkoako zerrenda burutzen ari zela eta gustatuko litzaiokeela ni seigarren joatea. Aukera bat iruditu zitzaidan eta baiezkoa eman nion asko pentsatu gabe. Orain berak kargua uzten duenez, ni naiz hurrengoa zerrendan.
Patxi Lopezek zuzendaritzan egoteko proposamena egin zidan Kongresoan bertan eta onartzea erabaki nuen, ohore bat da. Alderdian lanerako eta aportatzeko gogoa daukat.

Aldaketa asko denbora gutxian...
30 urte ditut eta agian badirudi azkar izan dela dena, alkatetza, PSE-EEko zuzendaritza, legebiltzarkide… baina hamar urte daramatzat alderdian.
Ikasten ari nintzela afiliatu nintzen, karrera amaitzeko asignatura bat gelditzen zitzaidala, Miguel Buenen aholkulari izateko proposamena egin zidaten. Nik lehenengo ezetz esan nuen, hain zuzen nire ikasketak bukatzea zelako helburua. Alderdiak pentsatzeko eskatu eta malgutasuna eskaini zidan ikasketekin jarraitzeko. Azkenean baiezkoa eman nien. Esan behar dut beti izan dela alderdia nirekin kontatu nahi izan duena.
JSE-Egaz-eko burua izan nintzen. Ondoren proposatu zitzaidan herri bateko zerrendan sartzea, Anak esan zuen Lasarte-Orian nahi ninduela eta laugarren sartu nintzen. Anarekin zinegotzi izan nintzen orduan bai liberatuta, beste lana utzita. Alderdiak eta Anak berak nahi izan ninduten alkatetzarako ondoren.

Alkate gazteenetako bat izan zinen eta orain ere parlamentarien artean gazteenetakoa. Hasi zinenean espero zenuen?
Gaztetasuna aipatzen duzu eta bai egia da. Nik gauza asko utzi behar izan ditut egin gabe politikan jarduteagatik. Zinegotzi izanda denbora gehiago neukan lagunekin gelditzeko, gimnasiora joateko... alkate izanda hori aldatu zen guztiz asteburuetan ere agenda beteta neukan eta ia 24 orduak eskaintzen nizkion lanari. Hala ere, nire herriko alkate izatea asko gustatu zitzaidan, gehien gustatu zaidan lana izan da.
Lasarte-Oriako herritarrek nahi badute, 2015ean alkatetza berreskuratzea da nire nahia, asmoa daukat aurkezteko. Egia da 30 urterekin kargu ezberdinetan egoteko aukera izan dudala, baina lan asko ere egin dut eta alderdiak lan hori ikusi du.

Egun politikariak nahiko gaizki ikusita daude. Honen aurrean zer esango zenuke?
Orain politika egitea oso gaizki ikusita dago bai. Garai honetan alderdiek zerrendak jende prestatuarekin, formazio aldetik eta lanerako gaitasuna dutenekin osatu behar dira.

Horregatik zure formazioa osatzen jarraitu duzu?
Politikan egonda ere nire ikasketekin jarraitzea erabaki dut beti. Ez nekien zinegotzi, alkate lana gustatuko zitzaidan horregatik nire prestakuntza ez dut inoiz baztertu, kurrikuluma eguneratuta eduki nahi dut. Zinegotzi nintzenean master bat egin nuen, ondoren alkate nintzela gradu ondoko bat eta beste bat gainditu dut Eusko Jaurlaritzan lanean egon naizen denboran. Kargu hauek denbora mugatu baterako dira eta hori garbi izan behar da. Nire kasuan Jaurlaritzatik atera eta enpresa munduan lana zegoen begiratzen hasi nintzen. Ez nekien alderdiak zerbait eskainiko zidan.
Egungo politikoek hau da argi izan behar dutena nire ustez, prestatzen jarraitu behar da eta ezin da lasaitu kargu batean. PSE ez da enpresa bat.

Euskaraz gutxitan entzuten zaitugu...
Orain euskararekin ari naiz, euskaltegian nabil. Ulertu eta idazteko moldatzen naiz baina oraindik hitz egiteko pausua ematea asko kostatzen zait eta hori lantzen ari naiz bereziki. Oso perfekzionista naiz eta hori da oztopo nagusiena euskararekin. Hanka sartzeari beldurra diot, ez diot akatsa nire buruari onartzen eta hor dago gainditu beharrekoa.

Politikan zein helburu jarri dizkiozu zure buruari? Madrilen ikusten zara?
Alkatetza esan bezala asko gustatu zitzaidan. Goizetan udaletxeko teknikoekin biltzen nintzen eta arratsaldeetan herritarrekin elkartzeko ahalegina egiten nuen, elkarteekin. Asko gustatzen zitzaidan beraiekin hitz egitea. Zure erabakien ondorioak ikusten dituzu, herritarrek esaten dizute zer da gaizki egin duzuna etab.
Legebiltzarkide izanda, harreman hori izango dut berriz.
Madrilen ez naiz ikusten. Asko gustatzen zait hiria, lagunak ditut han eta asteburu askotan joaten naiz. Esan bezala nire helburua 2015ean alkatetzara aurkeztea da eta herritarrek hala erabakiko balute, nire herriko alkatea izan. Kasu horretan, gainera baldintza bezala jarri dut, legebiltzarra utziko nuke.

Momentu gogorrena zein izan da politikan sartu zinenetik?
Udaletxean nengoela momentu gogorrena Isaias Carrascoren hilketa izan zen. Iñakirekin nengoen Froilanen bulegoa izandakoan bilduta eta mezu bat bidali zioten esanez guretako bat hil zutela Arrasaten, izenik ez genekien. Burura alderdiko ezagun guztiak etorri zitzaizkidan eta Arrasatera atera ginen berehala. Oso gogorra izan zen.

Mehatxatuta sentitu zara urte hauetan?
Egia da ETAren hilketa bortitzenen garaia ez dudala politikari bezala bizi. Nire kasuan T4ko atentatuak su etena bertan behera utzi zuenean objektibo izatera pasa nintzela konturatu nintzen. Trenean nengoen Donostiara bidean alderdiaren egoitzan bilera neukalako, dagoeneko politikan nintzen eta ez nuen eskoltarik.
Egun horretan ondo gogoratzen dut nola egoitzara bidean semaforo guztietan gelditu eta atzera begiratzen joan nintzen. Orduan bai nire bizitza aldatu zen. Ordutegiak aldatu, ibilbideak moldatu, publikoa zen herriko zerrendan laugarren nintzela eta Batzar Nagusitarako seigarren.

Uste asko dira bizkartzainekin...

Nire etxean horregatik, beldurragatik, oso gaizki hartu zuten politikan sartzearen erabakia.
Bizkartzainak jarri zizkidatenean, asko nabaritu nuen aldaketa, nire amak ez zuen nirekin joan nahi. Agian medikura joan behar ginen eta bera autobusean joaten zen eta ni kotxean bizkartzainekin. Arrebak berdina egiten zidan.
Orain segurtasun sailetik esan digute kenduko dizkigutela, nik aspaldi eskatu nuen. Nire ilobengatik nahi dut honekin bukatu. Orain arte arrebak osabaren lagunak zirela esan die baina zaharrenak galdetzen zuen “baina onak dira?” eta ez dut nahi beraiek egoera honen jabe izatea.
Leku askotara joaterik ez dut izan, oso mugatua sentitu naiz batzuetan. Askoz lasaiago bizi naiz orain baina benetako askatasuna sentitzeko gogoa daukat.

Egungo egoeraz zer espero duzu?
Esan nahi dut, aipatutakoaz gain, zorteko sentitzen naizela, nire ibilbidean mehatxurik ez dudalako jaso, ez didate lehergailurik jarri, etab. Hala ere nire kideengandik, Froilanekin ez nuen lanik egin, baina bere alarguna, semeekin hitz egiten dut eta eurek duten mina nik ere nolabait sentitzen dut. Asko dira eta zaila da gainditu beharreko jarrerak, hitzak...
Hala ere, Euskadin elkarbizitza baketsu bat nahi badugu denek egin beharko dugu ahalegina bide horretan aurrera pausuak emateko. Oso gogorra da eta zaila biktimak dauden neurrian baina elkarbizitza hori benetan denek nahi badugu lan egin beharko dugu lortzeko.