Eman euskara elkarri, Korrika 18 martxan da

Txintxarri Aldizkaria 2013ko martxoaren 15a

“Ez gara Palestinaz ari” ikuskizunarekin hasiera eman zaio herrian Korrika Kulturalari. Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariak, Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariekin batera musika, kantuak eta bertsoak baino gehiago uztartzen dituen emanaldia eskaini zuten bart.

Gaurkoan egitarauari jarraiki, Korrikaren aurkezpen ekitaldi berezia egingo da Manuel Lekuonan 19:30ean. Ekitaldia Maider Segurola eta Jokin Ayerregarai herritarrek aurkeztuko dute eta bertan izango dira txalaparta doinuak, bertsolaria, Porrotx, Jalgune, Korrikako musikarekin Kukukakoek prestatutako dantza eskainiko dute, omenaldia egingo da eta petoen banaketa eta bakoitzari dagokion ibilbidea aurkeztuko da bideokliparekin batera. Bukaera borobiltzeko batukadak bere doinuekin festa giroa jarriko du. Martxoaren 21ean Korrika txikia izango da eta gauean “Agur esatea” film dokumentala eskainiko da kultur-etxean.

Martxoaren 22an berriz, 19:00etan Korrika 17 eta Euskararen 8. Maratoiaren bideo proiekzioak eta 21:00etan bertso txapelketa egingo da Jalgin. Ondoren musikak hartuko die bertsolariei lekukoa. Martxoaren 23an pasako da herritik Korrika eta goizetik, jokoak, musika, herri bazkaria izango dira, 17:00 inguru Korrika iritsiko da eta herrian zehar egingo du bere ibilbidea. Honen ostean festak ez du etenik izango eta erromeria izango da Okendon eta ondoren kontzertuak.