Okendoko aparkalekuen inguruan PSEk duen jarrera salatu du EAJk

jon-altuna-iza 2013ko martxoaren 15a

Okendoko aparkalekuak banatzeko moduari buruz PSEk izan duen jarrera eta plazaratutako proposamen publikoa gogor kritikatu ditu Estitxu Alkorta EAJ alderdiaren bozeramale eta Ogasun saileko buruak. Bere ustez, Udaleko batzordean eztabaidatu eta proposamenak egin baino, nahiago izan du PSEk bere iritzia prentsa bidez plazaratu eta oraindik erabaki gabe dagoen gai horrekin herritarrak nahastu edo beldurtu.

PSEk Udalean proposamena egin beharrean prentsa bidez zabaltzea kritikatu du Estitxu Alkortak
Estitxu Alkortak PSEri eskatzen dio bere proposamenak dagokion tokian egin ditzala eta ez dezala herritarrik beldurtu. “Oraindik hartu gabe dauden erabaki eta finkatu gabe dauden egitasmorik ez aurreratu, herritarrak ez alarmatzeko". Alkortak esaten dio, behar den tokian eztabaidatuta lortuko dutela "Lasarte-Oriako herritar askori onura ekarriko dion egitasmo honi buruzko adostasuna”.

Estitxu Alkortak bidalitako prentsa oharrean zehazten da, Ogasun eta Ondare Batzordeari dagokiola Udalaren ondasunak ahalik eta ondoen kudeatzea eta horregatik pasa zitzaiela alderdi guztiei Okendoko aparkalekuak banatzeko oinarrien zirriborroa, hauek euren aldaketa proposamenak egiteko. Estitxu Alkortak bere kezka jakinarazi du PSEk izan duen jarrerarengatik. “Kezkatzeraino harritu gaitu PSEk negoziaketa garaia erabili duela “prentsa”ra salto egin eta bere jarrera argitaratzeko, hitzartutakoa errespetatu gabe, hau da, beste alderdiekin hitz egin eta eztabaidatu gabe. Are gehiago, osoko zuzenketa aurkeztu du, hots, jendeak ulertzeko moduan esanda, hori esleipen edo adjudikazio prozesua osoa “botatzeko” edo galarazteko eta ez negoziatzeko ahalegin bat besterik ez da”.

Irizpide berberak
Estitxu Alkortak adierazi duenez, “harridura” bikoitza da, hain justu, proposatutako zirriborroa aurreko legealdian PSEk Michelingo garajeak banatzeko erabili zuen irizpideetan oinarrituta dagoelako, “eta horretaz ari garela aipagarria da garaje horien hezetasun arazo larriak konpontzeko inbertsio handia egin beharko duela Udalak, epai baten arabera, arazoak aurreko legealdian Udalak gaizki burututako obra baten ondorio direlako”.

Estitxuk uste du, agian, “gure/bere proposamenari buruz, “ez dakit zer” jakinarazteko grina horren ondorioz, PSE ez da xehetasun horretaz konturatu”, aurreko gobernuaren irizpideetan oinarritu direla, alegia.