Burunzpe guraso elkartearen Aniztasun Astea kultura ezberdinen topaleku

jon-altuna-egitegi 2013ko martxoaren 16a

Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Burunzpe guraso elkarteak lehen aldiz antolatu du Aniztasun Astea eta ostiral arratsaldean eta larunbata goizean ekintza ezberdinak burutu dituzte. Besteak beste, kultura ezberdinetako ohitura eta tradizioei jarraiki egindako tailerrak, jokoak, dantzak etab. egin dituzte.

Ekintza mordoa aste berezian
Aipagarria 5 neskatoz osatutako Bollywood taldeak emandako dantza indiar ikuskizuna edota "Henna" lokatzarekin egindako partxeak, tatuaje eta berziklatze tailerrak... Denetik egin zuten etenik izan ez zuen arratsalde berezian. Jarraian jokoak egin zituzten, Ertamerika eta Hegoamerikan ohikoak direnak eta barre algara ederrak egin zituzten gaztetxoek gurasoen kontura. Finean munduko kulturen topaleku txiki bihurtu zuten Sasoetako ikastetxea. Amaitzeko, txikitxoek sandwich merienda eta helduek tortila pintxoak jan zituzten egunari amaiera emanez.
Izerdi pixka bat botatzeko aukera ere izan dute larunbata goizean, gurasoen arteko futbito partidak benetan lehiatuak izan baitira. Hori bai, indarrak berreskuratzeko Extremeña etxean paella eder bat dastatuko du 50 guraso eta gaztetxoz osatutako koadrilak eta ostean karaokea izango da gurasoentzat. Giro ederra izan dutela ezin ukatu!