
Iñaki Arriola adierazpenak egiten Froilan Elesperen hilobi aurrean, alboan Tomasi Peláez alarguna duela.
Elespe gizon "xume" bezala gogoratzen duela esan du, "bakea eta demokrazia" defendatu izan zituela beti, gizarte "hobea" eraiki asmoz eraila izan zen arte.
Horretaz gain, Arriolak Gipuzkoan gaur egun bizi den "iluntasun politiko eta instituzionala" salatu eta "bizkaitarrek" kudeatutako Eusko Jaurlaritzarentzat ere hitz gogorrak izan ditu.
Besteak beste, bertan izan dira Jesus Zaballos, Susana Corcuera, Odon Elorza, Denis Itxaso, Rafaela Romero eta Miguel Buen bezalako politikari sozialista ezagunak. Hauetaz gain, herritar asko bildu dira hilerrian eta baita Maixabel Lasa ere, Eusko Jaurlaritzako Biktimen Bulegoko zuzendari ohia.
Ekitaldia amaitzeko Internazionala ereserkia abestu dute denek lore koloretsuz eta larrosa gorriz apainduta zegoen Froilan Elesperen hilobiaren aurrean.

Jesus Egiguren erdian, Josu eta Andoni Froilan Elesperen semeak alboan dituela, oroigarriari begira.
Hilerrian egindako omenaldia amaituta, Lasarte-Oriako PSE-EEk Jesus Egigureni eman nahi izan dio I. Froilan Elespe saria herriko Casa del Pueblon. Egigurenek hunkituta jaso du Froilanen izena eta argazkia zeramatzan oroigarria eta "sekula jaso lezakeen errekonozimendurik onena" dela esan du, urte guzti hauetan egin duen ibilbide politiko guztiari "omenaldia" delako. Elesperekin batera Lasarte-Oria herri bezala sortzeko prozesuan bizi izandako anekdota eta istorioak kontatu ditu Tomasi Peláez alarguna, Josu eta Andoni semeak, Jesus Zaballos alkate ohia zein Iñaki Arriola alboan zituela. Gazte zela elkar ezagutu eta orduz geroztik "harreman ezin hobea" zutela ere gogoratu du. "Lagun bat galdu nuen, baina familia oso bat irabazi dudala esan dezaket", azpimarratuz amaitu du hitzaldia.